10 lagunek eman dute izena orain arte kiroldegiko mantenu teknikari lanpostua betetzeko.

2015/02/26
Gaur amaitzen da izena emateko epea.

  Udalak, kontratatuko duen langileak, egun horretan diharduen teknikariaren errelebu kontratua osatuko du. Horregatik, langile berriak, %75aren lan jarduna izango du.

  Berez, kiroldegiko mantenu teknikari lanposturako izen ematea hilaren 7an ireki bazen, azken bi egun hauetan jaso dira eskaera gehienak. Une honetan, 10 lagunenak dituzte udal bulegoetan baina gaur eguerdiko ordu biak bitartean gehiago jasotzea espero da, ordu horretan itxiko baita udalak deitu duen lanpostu honetara aurkezteko epea.

  Udalak, mantenu teknikari lanpostura aurkezten diren hautagaiei elektrizitatea, igeltserotza, arotzeria, margoketa eta mantentze lan orokorrak eta ur eta fluidoen instalazioari dagozkion ezagutzak izatea eskatuko die. Hala, azterketa teoriko praktikorako prestatu beharko dituzten gaiak, arlo horiei dagozkionak dira nagusiki.

  Lanpostura aurkeztu ahal izateko derrigorrezko bigarren hezkuntzan graduatua, Lanbide Heziketa I edo pareko titulazioa izatea eskatzen da. Bigarren hizkuntza eskakizunaren pareko euskara maila eta B motako gidabaimena ere izan behar da. Formazio eta ezagutzari buruzko baldintza horiezaz gain lan egoerari dagokion beste bat ere jarri da: langabezian egon edo epe jakinerako Oñatiko udalarekin kontratua izatea eskatzen baita. Horrek esanahi du, une honetan udal brigadan aldi baterako kontratatuta dauden langileak ere aurkeztu daitezkeela.

  Hautagaiek azterketa teoriko eta praktiko bana egin beharko dituzte, esan bezala. Froga teorikoan, lanpostuaren eginkizunekin erlazionatutako ezagutza teorikoak edota lan eskaintza iragarkian argitaratu den gaitegi batekin erlazionatutako galdera teorikoak erantzun beharko dira. Proba praktikoan berriz, lanpostuarekin zer ikusia dutenak egiten dakitela erakutsi beharko dute. Horrezaz gain, eta eskatutako ezagutza maila agiri bidez egiaztatzen ez duten hautagaiek euskara proba ere egin beharko dute.

  Merezimenduen atalean berriz, kiroldegiko mantenu teknikari lanpostuaren funtzioekin zerikusia duten lanetan esperientzia eta formazio osagarria izatea baloratuko da. 

  Errelebua eskatu duen kiroldegiko mantenu teknikariaren jarduna osatzeko kaleratu den lanpostu honi buruzko baldintza plego osoa udaleko web atarian dago ikusgai:  Lan Eskaintza Publikoa atalean ikusgai dago edo udal bulegoetan eskuratu daiteke. Lanpostura aurkeztu ahal izateko eskaera ere, udal bulegoetan aurkeztu behar da. Gaur da horretarako azken eguna.

Iturria: Oñati irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!