10 ikuskizun bildu dira KALEAN udako kultur egitarauan
Herriko talde eta eragileen eta Euskal Herri mailakoen arteko oreka mantentzeko ahalegina egin da, aurten ere, eta emanaldietarako kokapen berri eta anitzen bila aritu dira antolatzaileak, izan Zumeltzegi dorre ingurua, izan San Lorentzoko ermita aurrealdea edo San Martingo plaza. Berdura plazan, Olaitturrin, Errementari plazan eta nagusiki Lazarragako lorategian ere Kalean egitasmoari dagozkion ikuskizunak antolatu dira.
Publiko orori bideratutako ekitaldiak jaso dira aurtengo programan eta musikak pisu berezia hartu du baina San Juan sua, ipuin kontaketa saioa eta haur ikuskizun bat ere izango dira, tartean. Eta herritarrak ikusle edo entzule ez ezik, protagonista izango dira lehenengo hiru ekitalditan. Hala, etzi, ostegunez, Musika eskolakoen ikasturte amaierako kontzertua izango da Berdura plazan, 18:00tan hasita. Ekainaren 23an, udako solstizioaren jaia ospatuko da Olaitturrin, San Juan sua eginez. Eta ekainaren 26an, berriz, Oñati gure herria ikuskizuna izango da Ganbara Faktoriaren eskutik, Zumeltzegi dorreko aparkalekuan. Ikuskizun berezi hau 22:30etan hasiko da.
Uztaileko asteazkenetan, berriz, Kalean programazioari dagokion emanaldiren bat izango dugu, musika nagusiki, baina ahozko tradizioarekin eta narratibarekin erlazionatutako bat ere bai, hasteko. Hala, ekainaren 29tik uztailaren 2ra bitartean Arantzazun eta Oñatin egingo diren Ahozko narrazioaren jardunaldia eta eskolaren baitan, Dorleta Kortazarren ipuin kontaketa izango da Lazarraga lorategian, uztaileko lehen egunean. Gure galbaetik kontaketa saioa publiko helduari zuzenduta egongo da. Ondorengo hiru asteazkenetan musika aukeran izango da: 8an, Garazi Esnaola abeslari eta pianojolea, 15ean Aria taldea, 22an, Besaide folk taldea. Amaitzeko, 29an, Welcome and sorry ikuskizuna eskainiko du Ganso&Cia konpainiak.
Azkenik, abuztuaren 29an, Kalean egitaraua osatuz, eta Bidebarrietako jaixen baitan, Erre produkzioak konpainiaren eskutik Piraten historio bat haur ikuskizuna eskainiko da Errementari plazan.
Izenak ondo adierazten duen bezala kanpoko espazio ezberdinak aprobetxatzen dira Kalean programazioko ikuskinetarako. Baina euria egin dezake, kasu horretan egitarauan aldaketan egin daitezkeela zehazten dute antolatzaileek.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!