1,8 milioi euro pasako ekarpena egingo dio Oñatiko Udalak Mankomunitateari 2026ko aurrekontuari aurre egiteko
Abendu amaierako Gobernu Juntan onartu zuen Mankomunitateak 2026ko aurrekontua. Debagoienako mankomunitateak ia 13.452.000 euroko aurrekontua izango du aurten, iazkoa baino 2.766.000 euro txikiagoa. Murrizketa Epeleko obrak eragin du, zabortegia behin betiko itxi eta zigilatzeko obra aurtengo lehen sei hilabetekoan amaituko bada ere, obra iazko azaroan hasi eta finantzazioa ere 2025eko aurrekontuetan jaso zelako. Argiteria arloko inbertsioak ere aurten gauzatuko diren arren, plegua iaz onartu zen eta 2026ra txertatuko den kreditu bidez ordainduko dira, aurrekontuen txostenean zehazten denez. Gastu arruntek % 3,65eko igoera izango dute aurten baina inbertsioetan jaitsiera dago. Hondakin bilketa eta garraio zerbitzuaren kontratu berria egitea aurreikusten du Mankomunitateak aurten, eta bi azterketa tekniko egitea ere jaso da aurrekontuetan: hondakinen bereizketa tasen beherakadaren atzean egon daitezkeen arrazoi eta motibazioen jatorria ezagutzeko, bata, eta Epeleko zabortegi ondoan dagoen harrobi izaerako eremuan eguzki plakak instalatzeko azterketa teknikoa, bestea.
Hasi berri dugun urte honetarako aurrekontuetan zehaztu diren 13,4 milioi euroko gastu horiei aurre egiteko 10,8 milioiko ekarpena egingo dute Mankomunitatea osatzen duten udalek. Aurrekontu orokorra jaitsi den arren, udalen ekarpena % 7 handituko da aurten. Udalen ekarpena zehazterakoan zerbitzuen araberako irizpide ezberdinak erabiltzen dira. Irizpide orokorra biztanleen araberakoa da eta zerbitzu orokorretan, garapen agentzian eta turismoan aplikatzen da. Beste zenbait ataletan aldiz, erabiltzaile kopuruaren arabera zehazten da udal bakoitzaren ekarpena. Herriko jarduera ekonomikoari ere begiratzen zaio hainbat zerbitzuren erabilera neurtzeko, herrian dauden industria eta merkatal lokalak kontutan hartzen baitira eta hauek dituzten langileen arabera mailakatzen dira. Aldagai guztiak neurtu eta kalkulatuta, Oñatiko Udalak 1.838.612 euroko ekarpena egingo dio Mankomunitateari, iaz baino % 8,91 gehiago. Oñatiko Udalaren ekarpena jaso den bezala jaso dira gainontzeko udalenak ere; Arrasateko igoera bataz bestekoaren azpitik dago, gainontzeko guztiak mediaren gainetik.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!