Oñatiko udala

1.028 sinadura bildu dituzte Oñatin, gutxieneko pentsioak 1.080 eurora osatzeko eskaera babestuz

2025/05/13
Card image cap
Eusko Legebiltzarrean erregistratuko dira ostegunean, pentsionisten manifestazioa egitearekin batera

  Aurreikuspen guztiak gainditu dituzte Euskal Herriko pentsionistek eta Legebiltzarrean aurkeztu zuten Herri Ekimen Legegilea babesteko 10.000 sinadura batzea helburu bazuten ere, 140.000 bildu dituzte. Horietako 1.028 Oñatin batu dira. Guztiak ostegunean utziko dituzte Eusko Legebiltzarrean, pentsioak osatzeko eskaerari bide eman diezaioten. Pentsionistak baikor daude, gizartearen zati handi batek agertu dien babesari entzungor egitea oso nekeza eta ulergaitza izango dela adieraziz. 

  Osteguneko sinadura-erregistro ekintza borobiltzeko, eta ikusgarritasuna emateko, manifestazioa egingo da Gasteizko kaleetan barrena. Debagoienetik autobusak antolatu dira eta lekua hartu nahi zuten oñatiarrek izena eman dute astelehenetako elkarretaratzeetan. Autobusa 9:30etan abiatuko da Oñatitik eta Arrasate eta Aretxabaletako pentsionistekin beteko da. Manifestazioa amaituta itzulerako bidea egingo du, bazkaltzeko ordurako. 

  Madrilgo gobernuak gutxieneko pentsioak 1.080 eurora jasotzen ez dituen bitartean, EAEn osagarri bat aplikatzea eskatzen diote Eusko Legebiltzarrari.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!