Zuzendaritzarekin adostasun batera iritsi ezean, Hijos de Juan de Garay enpresan greba mugagabea hasiko dute datorren asteartean

2015/05/21
Langilegoaren gehiengo zabal batek egin zuen grebaren alde atzoko asanbladan

  2015-2016 urteetarako lan hitzarmena da adostu nahi dena. Uztailean aurkeztu zuen negoziaketarako lehen plataforma enpresa komiteak baina aurrera pausorik apenas ematen zela ikusita, greba egin zuten astelehen eta asteartean.

  Negoziaziorako proposamenean,  % 1,5eko igoera urteko eta azken lan erreformek jasotzen zituzten hainbat artikulatu ez aplikatzea eskatzen zen, komiteko bozeramale batek adierazi digunez.

  Aste hasierako bi greba egunen ondoren, komiteak eta zuzendaritzak bilera laburra egin zuten atzo eta hurbilketa nabaria izan ei zen soldata igoeraren gaian. Baina orain arte ustez arazorik sortzen ez zuen artikulatuan, atzera pauso garrantzitsuak izan ziren: soldata jaisteko edota gaixotasun baja eta altak lan mutuen esku uzteko aukera gorde nahi du zuzendaritzak, beti ere, komiteko kideen esanetan. Azken orduko aldaketa hauek azalduz, asanblada egin zuten atzo Garay enpresako langileek eta gehiengo zabal batek, greba mugagabeari ekitea erabaki zuen: 210 boto alde eta 20 kontra izan ziren.

  Zuzendaritzari eta lan ordezkaritzari hartutako erabakiaren berri eman zaie eta legez agintzen diren bost eguneko tartea beteta, zuzendaritzarekin adostasunik lortzen ez bada, Garayn greba mugagabea hasiko dute asteartean.

  Hijos de Juan de Garay enpresako langileen ordezkariek diote enpresak lan egoera zaila izan duenean egoerarekin bat egin eta soldata bere horretan mantentzea onartu dutela. Hiru urte egin dituzte soldata izoztuta. Orain ordea, lana badagoela, enpresa ondo doala eta soldata igoerari aurre egiteko moduan dagoela ikusita, erosmen ahalmena berreskuratzeko bitartekoak jartzea eskatzen dute. Aldi berean, urtetan lortutako eskubideak bermatu nahi dituzte eta horien kontra onartu diren azken lan erreformak ez direla aplikatuko ziurtatu nahi dute.
Gaur egun, Hijos de Juan de Garay enpresak 350 langile inguru ditu. 

Iturria: Oñati Irratia

Garayko langileak (Goiena)