Zuzendaritza talde berria dute Urgain-Errekalde herri eskolan

2020/07/01
Card image cap
Proiektua otsailean aurkeztuko dute eta onartuz gero, lau urte izango dute gauzatzeko

  Ines Zubiak, Nagore Moiuak eta Belen Unanuek zuzendaritzan hiru urte eman eta gero, talde berri bati pasa diote lekukoa. Urgain-Errekalde herri eskolako zuzendari berria Lorea Jimenez da, Aintzane Agirre berriz, Ikasketa-burua eta Iratxe Mugarza, idazkaria. Ikasturte amaiera berezi honetan ez dute taldearen proiektua aurkezteko modurik izan eta otsailean egingo dute. Urgain-Errekaldeko hezkuntza komunitateak ontzat ematen badu, hurrengo lau ikasturteak izango dituzte egitasmoa gauzatzeko.

  Zuzendaritza talde batetik besterako trantsizioa nahikoa naturala izan ohi da ikastetxeetan, ez da apurketa edo eten nabaririk izaten eta lantzen ari diren proiektuei jarraipena eman ohi zaie, nahiz eta, talde bakoitzak bere ukitua ematen dion. Alde horretatik, mugimendu autonomiaren aldeko egitasmo pedagogikoa lantzen ari dira Errekalden eta urrats berria emango da 2020-2021 ikasturte berrian.

  Mugimendu autonomia horretan sakondu ahal izateko espazio egokitze lanak egiten ari dira Urgain-Errekaldeko eskolan; hiru eta lau urteko gelak egokitzen ari dira. Bi gelen arteko pareta edo horma bota da, haurrek batetik bestera mugitzeko aukera izan dezaten, baina ate korrederak jarri dira, taldeak independenteki  lan egin behar dutenerako. Bide batez, gelak margotuko dira eta LED argiak jarriko dira. Egokitze lan hauek 40.000 euro pasako aurrekontua dute eta Udalak ordainduko ditu, hasieran, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak kaleratzen dituen Udalaguntza izeneko dirulaguntzari esker, inbertsioaren %60a eskuratzea espero baita.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!