Zuzenbidea eta erresistentzia-politikak aztergai dira Lege Soziologia Institutuan

2018/05/17
Card image cap
Eztabaida bost saiotan egituratu da eta diskurtso neoliberalen moldaketaz, nazionalismo zuriez, gorroto diskurtsoez edo migrazio mugimenduez berba egingo da

  Torontoko York unibertsitateko Deborah Brock eta Carmela Murdocc irakasleek koordinatzen dute Lege Soziologia Institutuan gaur hasi den mintegia. Izenburuz, Zuzenbidea eta Erresistentzia-Politikak.

  Neoliberalismoari aurre egiteko giza mugimendu berriak ugaltzen eta erresistentzia politika joerak zabaltzen ari dira. Mintegiaren koordinatzaileen hitzetan, gobernuek egin dituzten politika neoliberalek, pribatizazioak, herritarren babes sozialerako neurrien atzerakada eta legez bermatuta zeuden hainbat eskubide deuseztatzea ekarri dute. Aldaketa horiek eragin handia izan dute indarrean jarri diren lege eta arau formal zein informaletan.

  Unibertsitate zaharrean egiten ari den mintegian nazioarteko hainbat aditu bildu ditu, esparru profesional ezberdina jorratzen duten adituak. Horrek, erresistentzia mugimendu eta politikak ikuspegi zabaletik aztertzeko bidea emango du, baina foku nagusiak zuzenbidera eta gobernantzatik egiten den  gizarte erregulaziora bideratuko dira.

  Bihar arratsaldera arte luzatuko den mintegia bost saio edo atal nagusitan egituratuko da. Gaur, bazkal aurretik, herritarrek eta besteek zuzenbidea eta araubidea nola negoziatzen duten aztertu da eta Errusia, Japonia, AEB, Espainia eta Kanadako kasuak jorratu dituzte. Arratsaldean berriz, diskurtso neoliberalek aldatu dutenaz eztabaidatuko da eta indibidualismoa, autonomia, ardura hartzea edota enpoderamendu kontzeptuei eman zaien esanahi berriaz arituko dira. Hirugarren saioan, nazionalismo zuriak, muturreko mugimenduak eta gorroto-diskurtsoak, izango dira hizpide. Laugarrenean, migrazio-mugimenduak eta mugak hartuko dira aintzat eta bukatzeko, jorratutako guztiaren bilduma modukoa egingo da.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!