Zubillagako suhiltzaileen parke ondoan egoitza zuen larrialdietarako osasun unitatea Arrasatera, ospitalera eraman dute.

2013/02/16
Debagoienako anbulantzia medikalizatuak lau urte egin ditu Oñatin.

  Anbulantzia medikalizatuaren kokagunea eztabaida iturri izan da hasieratik. Udalak, Oñatin nahi zuen eta egoitza bertan koka zedin bitartekoak jarri zituen. Baina osasun unitate bat zela kontutan hartuta, Arrasateko ospitalean egon beharko lukeela esaten zuten askok.

  Hasieratik udala, Osakidetza eta Foru aldundiarekin elkarlanean aritu zen. Zerbitzua jartzeko Olaburun dituen instalazioak eskaini zituen  udalak baina  Europa mailan nagusi den eredua jarraituz, osasun zerbitzua suhiltzaileekin koordinatzeko aukera planteatu zen. Jakinik, gainera, suhiltzaileek egiten dituzten 10 irteeretatik 9tan, sanitarioak ere irteten direla. Bizkaian, Uribe Kostan antzerako esperientziak emaitza onak eman zituela ikusita, Oñatin ere beste horrenbeste probatzea erabaki zen. Horrela, anbulantzia medikalizatua ez ezik, zerbitzuaren ardura zuen osasun talde osoaren egoitza, Zubillagako suhiltzaileen parke ondoan kokatu zen.

  Eta bertan egon da lau urtez, 2008ko abendutik, aurten, urtarrila amaierara arte.

  Aipagarria da Oñatiko esperientziaren haritik, Eibarren eta Tolosan ere sanitarioak eta suhiltzaileak elkarren ondoan kokatu zirela. Horretarako, Osakidetza eta larrialditako zerbitzu buruak, suhiltzaile zerbitzuaren ardura duen Foru Aldundiarekin lankidetzan aritu ziren.
Baina larrialditarako osasun unitate honen kokagunea eztabaidagai izaten jarraitu du.

  Debagoienako ospitale berriaren diseinua egin zenean jada, zerbitzu hau bertan integratzea aurre-ikusi zen. Ospitaleko larrialdi zerbitzuaren goialdean lekua egin zitzaien. Egoitza berria gertatu zitzaien eta administratiboki bakoitzaren zeregin eta konpetentziak argitu direnean, leku aldaketa egin da. Otsaila hasieraz geroztik, Debagoieneko anbulantzia medikalizatua eta larrialdietarako osasun pertsonal guztia ospitalean dago. Orain arte bezala, 112 SOS DEIAK edo larrialdietarako zerbitzuaren menpe jarraituko du, baina Oñatin, Zubillagan egon ordez, Arrasaten izango da.

Iturria: Oñati irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!