Konpondu dute Otadui zuhaiztiko pasealekuan zegoen zuloa
Bi urte pasa izango da jada Otadui zuhaiztiko pasealekuan zuloa zabaldu zela, espaloiaren aldamenean doan ubidearen eustormaren zati bat jaustearen ondorioz. Pasealekua publikoa da baina aipatu ubidea eta honen eustorma pribatua da, Hijos de Juan de Garay enpresaren jabetzakoa. Eustormako kalteek bide publikoan eragin zuzena dute eta horrek herritarren segurtasuna arriskuan jartzen duela kontutanhartuta konponketa lanak erdibana ordaintzeko hitzarmena adostu zuten enpresak eta Udalak. Aurrez gertatu diren antzerako kasuetan hala egin zela kontutan hartuta.
Hijos de Juan de Garay enpresarekin lanen ordainketarako hitzarmena ekaineko Osoko Bilkuran, aho batez onartu zen eta lanak berriz, azken aste hauetan egin ditu Ugarte enpresak, 33.572 eurotan. Konpondu den eustorma tamaina ezberdinetako hareharrizko harlangaitz horma da eta material aglomeratzaile gisa lur hareatsua erabili zen, kantitate txikian karearekin nahastuta. Orain, harlangaitz hormaren ordez hormigoi armatuzkoa eraiki da. Bide batez, hormaren egonkortasuna bere osotasunean aztertzeko eskaera egin zion Udalak enpresari. Baina konponketa lanak lehenbailehen egitea komeni zen, gunearen segurtasun publikoa bermatze aldera, eta dagoeneko burutu dira.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!