Zubillaga auzoan argiteria berritzeko lanak egingo dituzte

2019/01/29
Auzoa berritzearekin batera, LED motako luminariak jarriko dituzte

  Azken faseko lanak aprobetxatuz, argiteria hobetu eta indarrean dagoen araudira egokitzeko argiteria-lanak egingo dituzte Zubillaga auzoan.  Obra eremuko argiteria berritzeko azterketa egin da eta egun dauden 150 Wko luminarien ordez, led motako 11 luminaria jarriko dira. 11 argi-puntu hauetatik zazpi zutoinetan jarriko dira eta beste 5ak fatxadetan.

  Zubillagako eraberritze proiektuaren azken fasean daude dagoeneko eta oraingoak Zubillaga auzoko bizitegi eremu nagusia, auzo-etxearen inguruak eta San Pedro elizaren atzealdeko jolas parkea hartzen ditu bere baitan. Auzo-etxetik jolaslekurako bidea hobetuko da, arrapala bat egokituz; auzo-etxerako sarrera irisgarri bihurtuko da egun dituen bi mailak kendu eta arrapala eginez eta egungo jolas parkea lekuz mugituko da, eliza atzealdean mantenduz baina irisgarriagoa bihurtuz. Honetaz gain, 35-38 zenbakien arteko urbanizazioa konpontzen ari dira oinezkoen ibilbideak berritu eta irisgarritasun baldintzetara egokituz. Autoentzako aparkalekuak ere egokitu egingo dira.

  Sestra enpresak osatu zuen Zubillagako auzoa eraberritzeko proiektua 2015ean. Ordutik, faseka, hainbat egokitze lan egin dira: lehenengoan, Ulma Forja paretik Artixa errekaren zubirainoko lanak egin ziren eta bigarrenean Martelopezkua baserriaren ingurutik pilotalekua eta auzo elkartera bitartekoak. Dagoeneko amaitzen ari dira azken faseko lanak .

Iturria: Oñati Irratia