Kiroldegiko aldageletarako altzariak hornitu eta instalatzeko lizitazioa abiatu du Udalak

2020/09/16
Card image cap
Urriaren 7an amaituko da proposamenak aurkezteko epea

  Zubikoa kiroldegia handitze eta berritzeko lanen baitan aldagela berriak egiten ari dira jada eraikinaren behe eta lehen solairuan, fitness gunean eta gune hezean, besteak beste. Bere egunean kiroldegiko lanen kontratutik kanpo utzi zen altzarien hornidura eta instalazioa. Baina iritsi da esleipena abiatzeko momentua. Hala onartu zuen kiroldegiko obra jarraipenerako batzordeak eta hala erabaki zuen gobernu taldeak azken bileran. Astean zabaldu da kiroldegiko aldageletarako altzari fenolikoak hornitu eta instalatzeko lizitazio prozesua.

  Hormetako eserlekuak, luzera ezberdineko eskegitokidun eserleku bikoitzak, elbarrituentzako eserlekuak, eskegitokiak eta takillak eskuratu eta instalatzeko lanak esleitu nahi dira. Materialaren kolorearen inguruan aukera aurkeztea eskatu du udalak eta bai takilla, banku edota pertxa-tauletarako, gutxienez 5 kolore desberdineko aukera proposatzeko baldintza jaso da oinarrietan. Ohikoa denez, gehienezko aurrekontu edo prezioa ere mugatu da 96.637,86 eurotan, BEZa barne. Eskaintza ekonomikoak pisu handia izango du lanen esleipenean, puntuazioaren %70a prezioak markatuko baitu. Altzari modularren hornikuntza eta instalazioari dagokionean berriz, kokapenaren araberako bereizketa egin da: gehienez 40 egunekoa izango da lehenengo solairuko altzarientzat eta 75 egunekoa eraikinaren sarrerako solairuko altzarientzat.

  Interesa duten enpresek urriaren 7ra arteko epea dute kiroldegiko aldageletarako altzariak hornitu eta instalatzeko lizitaziora presentatzeko.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!