Zubikoa kiroldegian publizitatea jartzeagatiko tasa arautzen duen ordenantza hasiera bateko izaeraz onartu da.

2016/01/25
Alegazioetarako epea otsailaren 8an amaituko da.

Gaia, abenduko Osoko Bilkuran aztertu eta aho batez onartu zen.

Zubikoa kiroldegian publizitatea jartzeagatik tasa arautzen duen ordenantzan publizitatearen definizioa zehazten da lehenik, eta onartuko den  publizitate bakarra estatikoa dela mugatzen da.

Publizitate euskarrien ezaugarriak, kokapen lekuak eta euskararen erabilera ere zehazten da. Baina ordenantzaren xedea tasak arautzea da eta noski, dokumentuan publizitatea jartzearen truke ordaindu beharreko urteko tasak finkatzen dira.

Hasiera bateko izaeraz onartu den ordenantzan, publizitatea, kiroldegiko kantxa nagusian, kantxa berdean soilik jarri ahal izango direla dio. Bi leku zehaztu dira horretarako: ekialdeko horman, leiho zabalaren azpialdea eta iparraldeko horman 2.5 metrotik gora. Publizitatea, lehenik ekialdeko horman jarriko da eta hau betetzean edo nahikoa espazio ez dagoenean kantxako iparraldeko horman jarri ahal izango da.

Publizitate euskarria erosi, jarri eta mantentzea iragarki egilearen kontura joango dela ere zehazten da ordenantzan.

Ordaindu beharreko tasari dagokionean, 2 metro karratuko urtebeteko tasa 200 € izango da. Bi urtekoa, 350 € eta hiru urtekoa, 500 €. Kontratatzen den 2 metro karratu bakoitzeko % 15eko hobaria aplikatuko da.

Hizkuntzari dagokionean, euskararen erabilera normalizatzeko araudia jarraituz, euskararen erabilera lehenetsiko da. Publizitatea euskaraz egingo da eta elebitan egin beharra ikusten denean, euskarari lehentasuna emango zaio.

Zubikoa kiroldegian publizitatea jartzeagatiko tasa arautzen duen ordenantza jendeagirian dago erreklamazioak edo alegazioak jarri ahal izateko. Horretarako epea, otsailaren 8an amaituko da.

Iturria: Oñati irratia