Zuazola-Larraña insitutuko ikasleak “Firts Lego League” lehiaketako finalean arituko dira bihar

2019/02/15
Card image cap
Saioa prestatzeko entsegu modukoa egin zuten Arrasaten orain hilabete

  Baina urtarrileko proba ez zen puntuagarria eta Gasteizen bihar jokatuko den saioa baino txikiagoa izan zen. Hala ere, oñatiarrentzat bereziki garrantzitsua izan zen, halako lehiaketa batean sekula parte hartu gabeak zirelako eta biharko finalekoa prestatzeko aukera eman zielako. Arrasateko entseguan 20 taldek parte hartu zuten, bihar Gasteizen, 44 ikastetxetako 1500 ikasle arituko dira. Debagoienetik, Zuazolako ikasleez gain, Arizmendi ikastolako  eta Mariaren Lagundia ikastetxekoak ere Gasteizen izango dira bihar.

  Innobasque berrikuntzaren euskal agentzia duela 10 urte hasi zen First Lego League lehiaketa antolatzen, haur eta gazteek zientzia eta teknologia lantzeko helburuz. Baina lehiaketa mundu mailakoa da eta 98 herrialdetako 500.000 ikasle inguru aritzen dira urtero. Gasteizen bihar, Euskal Autonomia Erkidegoko lehiaketa egingo da eta Espainiar estatuko finalerako sailkapena izango da jokoan.

  Sailkapen eredua aldatzekotan dira, asmoa, lurraldekako finalak jokatzea baita. Hala, datorren urtean, Gipuzkoa mailako finalean eskuratu ahal izango da estatuko finalerako txartela. Gipuzkoako final hori antolatzen ULMA taldea arituko da, beste erakunde eta enpresekin batera. Beraz, Gasteizko biharko finala ere garrantzitsua izango da herriko kooperatiba taldearentzat. Hurrengo urtean Gipuzkoan nola egin, bertatik bertara ikusi eta ikasiko dutelako. Arrasateko urtarrileko proban jada Ulma antolatzaile taldeko kide izan zen.

  Gasteizko Europa jauregian jokatu da First Lego Leagueko euskal finala. Partaideek landu dituzten hiru proiektu aurkeztu eta defendatu beharko dituzte aditu epai-mahaiaren aurrean. Balioen ingurukoa izango da bat, zientzia arloko bestea eta aurten espazioan bizitza errazten duten soluzio berritzaileak landu dituzte, eta teknologikoa izango da hirugarrena. Ikusgarriena izan litekeen ariketa honetan, propio muntatu duten robot batek, denbora mugatuan, hainbat proba gainditu beharko ditu.

  Lehiaketaren helburua, gazteengan zientziarekiko eta teknologiarekiko interesa piztea baita, etorkizunera begira, beraien bokazioa aurkitzeko lagungarri izango delakoan.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!