Zuazola institutuko galdara eta berokuntza sistema aldatzen ari dira

2018/06/14
Card image cap
Gas hornidura eraikinera eramateko lanak egiten ari dira institutu aurrealdeko plazatxoan

  Institutu eta unibertsitate aurrealdeko plazatxoan hainbat losa kendu behar izan dituzte, berdeguneraino iristen zen gas hornidura instituturaino eraman ahal izateko. Kanpoko lan hauek uztailaren 2rako amaitzea aurre ikusten da. Aldi berean, institutu barruan beste lan batzuk egingo dira. Egungo galdara, gasoliozko galdara kendu eta gas galdara berria jarriko da. Erregai berriak eragindako doiketa eta ajusteak eginda amaituko dira institutuko berokuntza sistema aldatzeko lanok, eraikin barruko berokuntza hodiak bere horretan mantenduko baitira. Lan guztiak uztailean zehar bukatzea espero da.   

  Zaharkituta zegoen Zuazola institutuko galdara eta berokuntza instalazioa, behin baino gehiagotan matxuratu da azken urteotan, eta berritzea erabaki zuen Hezkuntza sailak. Eraginkorragoa bihurtzearren gainera, erregaia aldatzea erabaki da eta gasolioaren ordez gasa erabiliko da aurrerantzean.

  Ikasturtea amaitzear dagoela hasi dira lanak egiten, ikastetxeko egunerokoari ahalik eta gutxien eragiteko. Lehenengo lanak eraikinaren kanpoaldean egiten hasi dira eta ikasleek oporrak hartu bezain pronto, institutu barrualdekoak egingo dituzte. Lanak herri-gune historikoan kokatzen direla ere bereziki zaindu da; eraikinaren aurrealdeko plazatxoko losak apurtu gabe kendu dira, amaieran berriro jarri ahal izateko, eta gas armairuaren estetika ere zaindu da. Gas armairua, institutuaren albo bateko fatxadan jarriko da, sotorako eskaileren ondoan.   
 

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!