Zozketa berezia egingo du Hotz Oñati taldeak domekan

2020/07/10
Card image cap
Bihar azokan eta domekan Trianako artisau azokan salduko dituzte txartelak

  Errefuxiatuei laguntzeko eskuartean dituzten proiektu ezberdinetarako dirua behar du Hotz Oñati taldeak. Helburu horrekin elkartasun zozketak egiteari ekin zion orain hilabete batzuk eta halako beste bat iragartzen dute domekarako. Trianako jaixak tarteko, goizean egingo den artisau azoka inguruan egongo dira txartelak saltzen eta zozketa bertan egingo dute, 14:00tan.

  Baina zozketa berezi honetarako txartelak saltzeari bihar bertan ekingo diote zapatuko azoka inguruan. Horrela, hileko bigarren zapatutan plazan jarri ohi zuten informazio eta salmenta puntua berreskuratuko du Hotz Oñatik. Egiten duten lanaren berri zuzenean ematen dute eta ezinbestekoa duten dirua batzeko salgai ezberdinak jartzen dituzte herritarren eskura. Martxo erdialdean alarma egoera indarrean sartu zenetik bertan behera utzi zituzten hileroko irteera horiek. Bihar itzuliko dira azoka ingurura.

  Hotz Oñatik Greziako errefuxiatuen kanpamenduetara arropa eta higiene materiala bidali ohi du eta Aita Mari erreskate ontzirako duintasun kit deritzonak prestatu ditu, besteak beste. Horretarako beharrezkoa den dirua batzeko, janari eta edariz osatutako otzarak zozkatzen ditu. Igandean halako hiru zozkatuko ditu.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!