Zinegotzi eta alkatearen dedikazioak eta lansariak aztergai izango dira gaurko Osoko Bilkuran

2019/07/23
Tafallako uholdeen aurrean elkartasun mozioa ere aurkeztuko da

  14 puntuko gai zerrenda osatu da arratsaldean egingo den Osoko Bilkurarako. Osteguna jai eguna izaki, hileroko hitzordua aurreratu eta gaur egingo da udalbatzaren osokoa.

  Ekaineko bilkuran zehazteko geratu zen zinegotzi eta alkatearen dedikazioak eta lansariak aztertuko dira, besteak beste. Alkateaz gain beste lau zinegotzi, dedikazio maila ezberdinez, liberatzea proposatuko da arratsaldeko bilkuran. Xabier Igartuari, lehenengo alkate orde eta Ogasuna eta Sozioekonomia batzordeetako buruari, % 50eko dedikazioa aitortzea proposatuko da;  Anik Zubizarretari, bigarren alkate orde eta Partaidetza batzordeburuari, % 60a eta Iñaki Olalderi, Kultura batzordeburuari, % 30a. Gainera, eta EAJ udal taldeak hala eskatuta, Ainhoa Galdos bozeramale jeltzaleari % 60ko dedikazioa aitortzea proposatuko da. Era berean, bakoitzari dagokion soldata proposatuko da. Erabateko dedikazioa duen alkatearen soldata gordina 3.480 euro izatea proposatuko da. Hori, esan bezala, alkateak plenora eramango duen proposamena da, eztabaida, 18:30tan hasiko den Osoko Bilkuran izango da.

  Udal ordezkarien izendapen eta ordainketen inguruan beste bi gai ere aztertuko dira gaurko Osoko Bilkuran: zinegotzien bertaratzeak eta talde politikoen ordainketak, batetik, eta udalbatzaren agintepean dauden kide anitzeko organoetarako ordezkariak izendatzea, bestetik.

  2019ko auzotasun programa garatzeko hitzarmena eta Tafallako uholdeen aurrean elkartasuna nahiz babesa adierazteko mozioa ere aztergai izango dira gaurko Osoko Bilkuran, besteak beste.

  Udako oporrak hartu aurreko azken osokoa 18:30tan hasiko da.

Iturria: Oñati Irratia