Ziburu irisgarria jarri da berriro Kalegoienako jolas parkean

2017/10/26
Card image cap
Su eman ziotelako irailean kendu beharra izan zen aulkia ordezkatuko du

  Behar funtzional bereziak dituzten haurrei egokitutako ziburu bat jartzeko eskaera TRAUTI Hesirik gabe elkarteak egin zion udalari orain bi urte dela eta denon adostasunez, Kalegoienako jolas parkean halakoa jarri zen 2015eko amaieran. Baina iraila hasieran kendu beharra izan zen hainbat eraso jasan ondoren arriskutsu zegoelako. Abuztuan segurtasun uhala moztu zioten eta iraileko lehenengo asteburuan berriz, su eman zioten. Bigarren eraso horren ondorioz aulkitxoa oso kaltetuta eta arriskutsu geratu zen, zauriren bat eragiteko moduan, eta kentzea erabaki zuen udalak. Hilabete eta erdi honetan, dena den, ziburu irisgarri berri bat eskuratzeko bidea egin da, halako elementu bat izatea garrantzitsutzat jotzen baita.

  Astean bertan jarri da ziburu berria Kalegoienako jolas parkean. Aurrekoarekiko aldeak ditu ziburu irisgarri berriak, aurreko eredua dagoeneko ez baita merkaturatzen. Haurra ziburutik jausi ez dadin lotu beharreko segurtasun uhala, esaterako, gogorra da, ez da aurreko zinta uhalaren modukoa. Horrek zailtasunak ekarri ditzazke baldin eta aldatu beharra badago. Baina bestelakoan, ziburu berriak irisgarritasun eta segurtasun neurri guztiak betetzen ditu.

  Ziburu irisgarri berriak ia 850 euroko kostua izan du. Udaletik ziburua zaintzea eskatzen da eta gutxienik, nahita ez kaltetzea,  behar funtzional bereziak dituzten haurretzat propio egokitutako elementua baita, Oñatin, halako bakarra, une honetan.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!