Zapatuan, herriko sagardo ekoizleen sagardo dastaketa goizeko 10etan hasiko da.

2012/10/03
Sagardo basokadarekin batera herriko gazta pintxoak ere eskainiko dira.

  Antolatzaileek, jai egitarauan argitaratu den ordutegia zuzenduz, herriko sagardoa goizeko 10etan banatzen hasiko direla iragarri digute. Horrela, Oñatin ekoiztutako sagardoaren dastaketa eta kanpotik ekarritakoarena elkarren segidan egingo dira.

  Lehen aldia da herriko sagardo ekoizleek halako dastaketa eskaintza orokorra egiten dutela. Udaberrian, nekazarien elkartean egin zen herriko sagardoaren kata edo dastaketa da ekimenaren oinarri. Lehen proba hori eginda, hainbat sagardogile plazara irtetera animatu ziren eta zapatuan, dozena bat sagardogileren ekoizpena probatu ahal izango da. Bakoitzari, bi-hiruna kaxa botila eramateko eskatu zaie. Oñatiko sagarrez eta bertan egindako 320-350en bat botila sagardo irekiko dira beraz zapatu goizean. Sagardoari laguntzeko gazta zatitxo bana oparituko da, gaztak ere, Oñatiko artzainek egindakoak izango dira noski.

  Ekimena udalaren diruz laguntzaz egingo denez, sagardo tragoa eta pìntxoa doan banatuko dira. Eguerdian plazan izango den sagardo dastaketarako edalontziak eta tiketak erosi egin beharko dira baina herriko sagardoa probatzeko ez. Sagardogileek, baso berrerabilgarriak erabiliko dituzte.

  Aurtengo herri egunak ekarriko duen lehen berritasuna, herrian bertan egindako sagardoa dastatzeko aukera izango da. Baina gogoan hartu, jai egitarauan ordutegia gaizki datorrela eta hasi, goizeko 10etan hasiko dela Txaketuaneko bidegurutze inguruan.

Iturria: Oñati irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!