Zapatu goizean gurean egingo den Gipuzkoako jubilatuen ibilaldirako guztia gertu dago.

2014/10/21
600 lagun elkartzea aurre ikusten da eta horrek zenbait eragozpen txiki eragingo dituela azpimarratu da gaurko prentsaurrekoan.

  Pake Lekuko ordezkariak, gipuzkoako jubilatuen elkarteko buruarekin eta alkatearekin aritu dira larunbateko ibilaldi eta ondorengo bazkari-dantzaldiaz xehetasunak ematen.

  Otsaila erdialdean hasi ziren Gipuzkoako jubilatuen ibilaldi hau prestatzen, halako ekitaldi bat Oñatin egiteak Pake Lekuko lema garrantzitsuenetako batekin bat egiten duelako, alegia, urteei bizitza emateko lemarekin bat egiten duelako. Herri barruko ibilbidea zehaztu dute helburu hori dutelako, kanpotik datozenei herria erakustea. 

  Jubilatuen ibilaldian parte hartuko dutenak goizeko 10etan hasiko dira Oñatira iristen eta martxa bera, 11etan hasiko da. Plazatik irtenda, Atzeko kaletik barrena,  Bidaurretara eta Olakuako ahaten urmaeleraino iritsiko dira partaideak. Dorre inguru honetan buelta emanda, Bidaurreta- San Martin eta Umereztik Asentziora jarraituko dute. Murgialdatik behera- San Martin- Kale Barria etaPlaza zeharkatuta Unibertsitatera hurbilduko dira eta hemen ogitartekoa izango dute. Ondoren, Otadui zuhaiztitik barrena bidegorrian sartuko dira eta Etxe Aundiraino iritsiko dira. Buelta hartuta, joateko bide berbera jarraituz, arboleda eta Kale zaharretik plazara ailegatuko dira, ibilaldia bertan amaituz. 9 kilometro inguruko ibilaldia, bi- bi ordu eta laurdenean egitea aurre ikusten duten antolatzaileek. 

  Oñati ezagutzera eman asmoz, bertako produktuak ikusi eta salgai jarriko dira plazan.

  Gaur goizean egin den aurkezpen prentsaurrekoan Jose Riviere, Gipuzkoako jubilatuen elkarteko buruak parte hartu du eta Mikel Biain alkateari martxako kideek soinean eramango duten kamisetaren modukoa eman dio opari, udalaren laguntasuna eskertzearekin batera.

Iturria: Oñati irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!