Oñatiko udala

Zaintza lanetan aritzen diren senideei zuzendutako ikastaroa antolatu du udalak

2017/10/08
Card image cap
Bi orduko sei saio egingo dira, urriaren 18tik azaroaren 24ra

  Menpekotasun egoeran dagoen pertsona batekin bizi diren familiei laguntzeko helburua duen Sendian Foru Aldundiaren programaren bidez, zaintzaileei zuzendutako ikastaroa antolatu du Gizarte Zerbitzuen udal departamentuak. Sei saio izango ditu ikastaroak: urriaren 18 eta 24an, eta azaroaren 2, 7, 22 eta 24an. Bi orduko saioak izango dira, 15:00tatik 17:00tara.

  Zaintzaileei zuzendutako ikastaroak hainbat helburu ditu: mendekotasun egoeran dauden edo bestelako ezintasunen bat duten pertsonen egungo eta etorkizuneko zaintza lanak planifikatzeko ezagutzak ematea; pertsona hauek izan dezaketen autonomia hondarrari behar bezalako garrantzia ematea; zaintza lanak antolatzeko eta hauek bizimodu pertsonalarekin bateragarriak egiteko gaitasun berriak barneratu, eta unean uneko beharrizanak betetzeko dituen laguntza eskaintzea eta emakume zaintzailearen enpoderamendua sustatu zaintza lanak banatzeko gaitasuna landuz. Beraz, ikastaroak iraungo dituen sei saioetan zaintza lanen antolaketaz, erizaintzaren inguruko hainbat gaiez, lana xamurtzen duten baliabideez edota zaintzaileak bere burua zaindu dezan teknika eta baliabideez arituko dira.

  Nagusien zaintza lanetan ari diren senideei zuzendutako ikastaro honetan izena emateko epea zabalik dago. Interesa duenak, urriaren 16a baino lehen eman behar du izena Gizarte Zerbitzuetan, Bidebarrieta, 12ko bulegotik pasata edo 943 037700 telefonora deituta.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!