Zahartze aktiboa sustatzeko 2. BiziPoz programa azaroan abiatuko da

2016/10/17
Card image cap
55 urtetik gorako herritarrei zuzendutako egitasmoa azaltzeko aurkezpena egingo da bihar arratsaldean

  BiziPoz, bi hilabeteko iraupena duen formazio programa da. Bi atal nagusi ditu: tailerrak eta proiektua. Alde batetik, formaziorako tailerrak egiten dira, astean behin eta landu nahi den gaian aditua den pertsona batek gidatuta. Tailerretan teoria eta praktika uztartzen da eta oso dinamikoak izaten dira. Paraleloki, partaideek proiektu bat garatzen dute lauzpabost laguneko taldetan bilduta, tutore baten laguntzarekin. Tailerretan jasotako formazioarekin gizarte onurako proiektu bat garatzea da helburua, herrian dagoen arazo edo gabezia bati irteera ematen saiatzea, alegia.

  Mondragon Unibertsitateko LEINN graduko bi ikaslek koordinatzen dute BiziPoz egitasmoa, Udalaren eta La Caixaren Gizarte Ekintzaren babesarekin. Udaberrian egin zen lehen esperientzia positiboa ikusita, edizio berri bat abian jartzea erabaki dute. Hau, azaroan hasiko da.

  2. BiziPoz programa honetan bi gai nagusi landuko dira: osasuna eta gizarte zerbitzuak batetik, eta adimen emozionala, bestetik. Egitasmoa azaroaren 8an abiatuko da eta urtarrilaren 17ra arte luzatuko da. Tailerrak asteartetan izango dira, 17.00tatik 19.00etara. Baina zertan izango den zehatzago azaltzeko, aurkezpen ekitaldia antolatu da biharko. 18.00tan izango da Kultur Etxean. Interesa duenak, izena, bertan eman ahal izango du edo bestela Udaleko Gizarte Zerbitzuetan urriaren 28ra bitartean. Horretarako telefonoa, 943.037700 da. Plazak mugatuak dira eta gehienez 20 lagunek parte hartu ahal izango dute 2. BiziPoz programa honetan.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!