Zaharren egoitzetako lan gatazka bideratzeko Foru Aldundiaren esku-hartzea eskatzen duen idatzia onartu zen Osoko Bilkuran

2020/07/24
Card image cap
Gipuzkoako Senideak elkarteak aurkeztutako idatziak EH Bilduren aldeko botoa eta EAJren kontrakoa jaso zuen

  Gipuzkoako Senideak elkarteak zaharren egoitzetako eta eguneko zentroetako erabiltzaileen senitartekoek osatzen dute. Halako zentroetan lan egiten dutenen gatazka luzatzen ari dela eta Foru Aldundiaren esku-hartzea eskatzen duen mozio-idatzia bidaltzen ari dira udaletxeetara, Osoko bilkuratan eztabaidatu daitezen. Oñatin atzo aztertu eta gehiengoz onartu zen, EH Bilduren aldeko botoekin.

  5 puntuko idatzia Susana Altuna Ongizate zerbitzuetako batzordeburuak irakurri zuen. Lehen puntuan jada adinekoen arreta lehentasunezko gaia dela aipatu eta presazko kontua dela azpimarratzen da. Gipuzkoako Foru Aldundiaren esku-hartzea eskatzen da hurrengoetan, eman gabe baina kobratu diren zerbitzuen kuota zatia itzuli dadin, arreta-ratioak berriro aztertu ditzan eta lan-gatazka konpontzeko mahaia deitu dezan. Udalari ere bi eskaera zuzen egiten zaizkio idatzian: gatazkan dauden sektoreko patronalei dei egin diezaien, arazoa konpontzeko; eta zentro publiko eta itaunduetan dauden pertsonei laguntzeko gutxieneko kanonak urratzen dituzten enpresen aurka jo dezaten. Idatziak EH Bilduren babesaz aurrera egin zuen.

  EAJko bozeramale Ainhoa Galdosek beste idatzi bat irakurri zuen, jeltzaleen jarrera laburbilduz. Gipuzkoako Senideak elkarteak bidalitakoaren hainbat eskaerekin bat zetozela argitu zuen baina ez eduki guztiarekin. Hala, pertsonak lehenesten dituztela eta luzatzen ari den lan gatazkagatik arduratuta daudela esan zuen. Horregatik, patronal eta sindikatuei negoziazio mahaian eseri eta gatazka behingoan konpontzeko deia egin zuen. Covid-19ak egoitzak eta eguneko zentroak gogor jo dituen hilabeteetan nagusitu den batasun eta elkarlan giroa azpimarratu zuen, adostasunerako bide moduan, baina Foru Aldundia aipatu gabe.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!