Zabalik dago Udanako errepidea

2019/12/21
Arrasate-Oñati-Zumarraga autobus linea abenduaren 26an jarriko da berriro martxan

  Asfaltatze lanak amaituta, ostegun iluntzean ireki zuten Udanako errepidea. Hiru hilabetez itxita egon ostean, hasieran uste zena baino hiru aste lehenago amaitu dituzte Olapotoko eta Artxubiko zubiak berritzeko lanak. Pintatze lanak falta dira baina horiek urte berriarekin egiteko asmoa dago. Errepidea ahalik eta azkarren zabaltzeari lehentasuna eman zaio eta dagoeneko normaltasunez ibili daiteke Oñati eta Legazpi arteko GI-2630 errepidean.

  Lurraldebuseko zerbitzua berriz, abenduaren 26an normalduko da. Egun horretan, Arrasate-Oñati-Zumarraga linea berriro jarriko da martxan. Ondorioz, Oñati, Legazpi eta Zumarragako udalek martxan jarri zuten mikrobusaren zerbitzua bertan behera utziko da.

  Udanako errepidea irekitzearekin batera, eskertza mezua zabaldu da udaletik. Hobetzeko gauzak egon diren arren,  balorazio oso positiboa egin dute udal ordezkariek azken hiru hilabete hauetan herritarrek erakutsi duten jarrera eta ardurarekin, aurreikusten zen kolapso arazoa ez delako egon eta bertako trafikoa oso ondo bideratzea lortu delako.
Udal zerbitzu, ikastetxe eta herritarrei eskerrak emateaz bat, Olabarrieta auzotarrek Olentzeroren oparia aurrerapenez jaso dutela esanez amaitzen da udal ordezkarien mezua.

  Olabarrietako zubiak eraberritzeko irailaren 16an hasi ziren lanek 600.000 euroko aurrekontua izan dute. Lanak erritmo onean egin dira eta aurreikusitakoa baino kasik hilabete lehenago ireki ahal izan da Udanako errepidea. Horrek, Elorregirako norabidean izaten den trafiko astuna arinduko du eta Olabarrietako auzotarrei lasaitasuna ere itzuliko die.  

Iturria:Oñati Irratia