Xabier Ugarteri egindako harrera ikertzeko eskatu dio Espainiako Gobernuak Fiskaltzari

2019/07/29
Asteburuan bi preso ohiri egin zaizkien harrera ekitaldien inguruko informazioa bidali dio Espainiako Gobernu-ordezkaritzak Auzitegi Nazionaleko fiskal buruari

  Xabier Ugarte eta Jose Jabier Zabaletari atzo Oñatin eta zapatuan Hernanin egin zitzaizkien harrerak iker ditzan eskatu zaio fiskaltzari.

  Jesus Loza gobernu ordezkariaren esanetan, euskal presoen harrera ekitaldiak ezin dira omenaldi publiko bihurtu, presoari aitortza egiten zaiolako eta haren krimenak legitimatzen direlako.  Ezker abertzaleak autokritika egin behar du, eta goratze ekitaldi hauek sustatzeari utzi, biktimei eta haien familiei min erantsi bat eragiten baitie.

  Besteak beste, PPko eta Ciudadanoseko buruek ere kritikatu dituzte ekitaldi horiek, eta AVTk ere jakinarazi du salaketa jarri duela Espainiako Auzitegi Nazionalean.

  Eusko Jaurlaritzako Giza Eskubide eta Bizikidetza idazkari Jonan Fernandezek ere esan du harrera ekitaldiak bateraezinak direla giza eskubideekin, etikarekin eta biktimen eskubideen errespetuarekin. Halaber, sentikortasunagatik eta errespetuagatik harrerak ez egiteko eskatu dio ezker abertzaleari.

Iturria: Oñati Irratia