Uztailaren 12ko Eusko Legebiltzarrerako hauteskunde kanpaina gauerdian hasiko da

2020/06/25
Card image cap
Gipuzkoan, 14 hautagaitza aurkezten dira

  Hauteskunde kanpaina hasi aurretik kartelak itsasteko panelak jarri ohi dira. Eta horretan aritu dira udal langileak. Guztira 40 panel jarri dira lau lekutan banatuta: Bidaurretako errotonda inguruan, Garay finkaren burdina-hesian, Galartza etxearen aurrealdean eta Kultur etxeko horman.

  14 hautagaitza dira Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan Gipuzkoan aurkezten direnak: EH Bildu, Partido Popular, Euzko Alderdi Jeltzalea, Partido Socialista de Euskadi-Euskadiko Ezkerra, Bidezko Mundurantz, Libres por Euskadi, EQUO Berdeak, Escaños en Blanco, VOX, Elkarrekin Podemos-IU, Union Cristiano Democrata Española, PACMA, Recortes Cero-Los Verdes-Municipalistas eta Partido Libertario. 

  Kartelak jartzeko leku jakinetan panelak kokatzen diren bezala, kanpaina ekitaldietarako guneak ere zehaztu dira: Kultur etxeko bilera gela eta zine aretoa, Santa Ana antzokia, Udaletxeko areto nagusia, Foruen enparantza eta ondoko pilotalekua dira kanpaina ekitaldietarako lekuak. Horiek erabiltzeko baimena denboraz eskatu beharko dute alderdiek eta guztietan aforoa bereziki zaindu beharko dute, bizi dugun osasun egoerara egokituta.

  Postetxeko langileak ere hauteskunde garaira egokitu dira eta aurrez aurreko zerbitzu ordutegia zabaldu egin dute, posta bidezko bozka eskatu eta ondoren emango duten herritarrei zuzenduta. Postetxea, astelehenetik larunbatera goizero irekiko da, ohikoa denez, baina baita astearte eta ostegun arratsaldetan ere, 18:00tatik 20:00tara, posta bidezko botoaren eskaera eta tramitazioa errazteko. Ordutegi berezi hori uztailaren 10era arte mantenduko da.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!