Oñatiko udala

Oñati eta hiriburuen arteko autobus zerbitzu zuzenak gehitzeko eskaera egin du Debagoieneko EAJk

2026/09/10
Card image cap
Herribusa San Prudentzioraino luzatzea ere eskatu dio Udalari

  Eskualdeko garraio publikoa indartzeko beharra mahai gainean jarri du berriro Debagoieneko EAJk, Herritarren eguneroko joan-etorriak errazteko helburuz hiru proposamen egin ditu eta horietako batek Oñati du ardatz: Gasteiz, Donostia eta Bilborako zuzeneko autobus zerbitzuak gehitzea. Oñatiren kokapenak herriko komunikazio beharrak bereziak egiten dituela aipatu dute jeltzaleek, eskualdeko ardatz nagusitik kanpo baitago. Horregatik, Gasteizerako linea zuzenaz gain, Donostiarako eta Bilborako zuzeneko zerbitzu gehiago ezartzea eskatzen dute, bereziki goizeko lehen orduan, eguerdian eta arratsalde amaieran. Eskaera hori Foru Aldundiko Mugikortasuna departamentuari helarazi diotela adierazi dute. Departamentu hau alderdi sozialistak kudeatzen duela gogorarazi dute eta Debagoienetik egindako eskaerak zerbitzuaren plangintzan sar daitezen, Diputazioko arduradun jeltzaleekin elkarlanean ere ari direla zehaztu dute.

  Bestalde, DG04 linearen zerbitzua osatuz Herribusa San Prudentzioraino luzatzea berriro eskatu diote jeltzaleek Oñatiko Udalari. Horrek, herrigunea eta Elorregi arteko zerbitzuen maiztasuna bikoiztuko lukeela azpimarratuz. Alde horretatik, Oñati eta Debagoieneko gainontzeko udal ordezkariei jarrera aktiboagoa hartzea eskatzen die EAJk; garraio publiko arloan egin dituzten proposamen zehatzak eta jaso dituzten erantzunak argi azaltzea eskatzen diete jeltzaleek Debagoieneko udalen ordezkariei.

  Oñatirekiko loturak hobetzeko eskaera ez ezik beste bi egin ditu Debagoienako EAJk: Antzuola eta Elgetatik Arrasateko ospitalera autobus zuzenak jartzea eta Debagoienako herrien eta hiriburuen arteko autobus maiztasuna areagotu eta 15-20 minuturo izateko handitzea; bai ibilgailu gehiago jarriz eta ordutegiak berrantolatu eta optimizatuz. Adierazpen hauek Elgetan eman zuten prentsaurrekoan egin zuten Debagoienako EAJko ordezkariek.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!