Euskara ikasteko dirulaguntzak aztergai izango dira gaurko Tokiko Gobernu Batzarrean
Euskara ikasten duten herritarrei dirulaguntzak eman ohi dizkie Udalak, baldin eta ikastaroen aprobetxamendu egokia egiaztatzen badute. Horretarako eskaera aurkeztu behar dute. 2025-2026 ikasturtea amaituta jaso ziren eskaeren lehen ebazpena onartzea proposatuko da arratsaldeko bileran. Baldintzak betetzen dituzten 33 eskaera zerrendatu dira eta guztiei ordaindutako matrikularen erdia itzultzea proposatuko da. Maila eta iraupen ezberdineko euskara ikastaroak egin zituzten, gehienek Oñatiko Udal Euskaltegian, baina zerrendan Arrasatekoan ibili ziren hiru herritarren eskaerak ere jaso dira, Oñatin beraien mailako talderik sortu ez eta Arrasateko Euskaltegian ikasi zutelako. Guztira, 2.834 euro banatuko dira. Ikasturte berri honetan euskara ikasten jarraitzen badute dirulaguntza extra bat eskuratzeko aukera ere izango dute. Bide batez gogoratu, 2026-2027 ikasturterako matrikula epea zabalik dagoela Udal Euskaltegian, hilaren 18ra arte.
Udaleko Euskara departamentuak beste ditulaguntza programa batzuk ere kudeatzen ditu: errotulazioa edota web atariak euskaratzeko, besteak beste. Baina gaurko Tokiko Gobernu Batzarrean ez da halakorik eztabaidatuko, egia esan, beste gairik ere ez da zerrendatu. Hori bai, azken orduan eta presazkorik aurkeztu daiteke. Baina, printzipioz, gaurko batzarra arin amaituko dela pentsa genezake.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!