Urteroko joerari eutsiz langabeziak behera egin du Oñatin urrian

2015/11/04
Aurreko hilean baino 38 langabetu gutxiago zenbatu dira eta uztaila amaierako kopuruetara itzuliz langabezia tasa % 7.37 da orain

  Udako hilabeteetan gurean izan den langabeziaren igoera irauli da azken hilabetean eta uztaileko kopuruetan kokatu da urria amaieran. Une honetan, orain hiru hilabete bezala, Oñatin 387 langabetu daude Lanbideko datuen arabera. Beherakada gainera nabarmena izan da, irailean zenbatu zirenak baino 38 langabetu gutxiago erregistratu baitira. Horrek, langabezia tasa % 8aren azpitik kokatzen du berriro; une honetan,  % 7.37 da Oñatiko langabezia tasa.

  Langabeziak, adin tarte guztietan egin du behera, bai gizon baita emakumezkoen artean ere. Baina aipagarria da, bereziki 45 urtez gorako emakume langabeen kopurua murriztu dela, irailean baino 14 gutxiago erregistratu baitziren Lanbideko bulegoetan.

  Herriko enpresen enplegatze fluxu edo joera ezagututa pentsatzekoa zen urrian langabeziak behera egingo zuela. Neguko kanpainari begira, aldikako kontratazioak ugaldu egiten baitira. Historikoki hala izan da eta aurten joera berretsi egin da. Eta azpimarratzekoa da langabeen zerrendan izan den jaitsiera nabaria, 38 gutxiago zenbatu baitira.

  Udako hilabeteetan herriko langabeziak etengabe gora egin ondoren, urrian joera irauli da. Normalean gainera, udazken osoan luzatu ohi den joera izaten da hori. Ikusi egin beharko da aurten ere hala betetzen ote den. Hasi, urrian, esan bezala, hala hasi da.

  Orain urtebeteko datuekin konparatzen badugu, egoera, hobea da. Iazko urrian baino 82 langabetu gutxiago baitaude herrian eta langabezia tasa berriz, puntu eta erdi pasa bajuagoa da.

  2015ean, azken urteetako langabezia datu hoberenak erregistratzen ari dira, 2011ko datuetara hurbilduz. Martxo amaieran, langabezia tasa % 9ra igo bazen ere, maiatza, ekaina, uztaila, abuztua eta orain urrian berriro ere, % 8aren azpitik dago.

  Hego Euskal Herrian, orokorrean, langabezia tasa bere horretan mantendu da urrian zehar.  Irailean baino 70 langabe gutxiago bakarrik erregistratu baitira. Baina afiliazioak gora egin du nabarmen,  irailetik urrira 10.900 afiliatu gehiago izan baita.

Iturria: Oñati Irratia