Urteko asfaltatze lanen programa osatu du udalak

2017/06/12
Card image cap
Hainbat kaletako zoladuran dauden zuloak estaliko dira nagusiki, baina irisgarritasun neurrietara egokitu gabeko zebrabide bat ere prestatuko da

  Portu kalean egokitu gabe dagoen zebrabidea espaloiaren mailara jasoko da irisgarritasun neurriak betetzeko. Portu kalean bertan dauden hainbat zulo konponduko dira asfaltatze lanen baitan. Beste horrenbeste egingo da San Lorentzo auzoan 16 eta 17 zenbakien atzealdean,  Berezao industrialdean Natra enpresa inguruan eta Santa Marina plazan, Pakita altzariak denda parean. Zoladuran dauden zuloak estaliko dira eta errepidea berdinduko da. Partxeo lan hauek ez dute aparteko eraginik izango trafikoan, Santa Marinan plazan egingo direnak izan ezik. Pakita altzariak denda parean zuloa handia da eta behar bezala konpontzeko errepidea itxi egin beharko da. Hori nola eta noiz egin zehazten ari dira udal arduradunak eta garaiz jakinaraziko da, gidariek beste bide batzuk erabili ditzaten. Ibarra zelaia kalean, Cegasatik saihesbiderako irteerako errepidean ere asfaltatze-lanak egingo dira eta kasu honetan ez da zuloa estaltze hutsa izango. Aipatu errepidearen sakoneran, edukiontziak dauden eremuan, errepidea asfaltatu behar da. Asfaltatze lan hauek, aurrekoak baino handiagoak izango diren arren, hartuko duten eremuari dagokionean, ez dute aparteko eraginik izango trafikoan, saihesbidera irteteko beste bide batzuk badaudelako.

  Dauden premien arabera lehenetsi diren asfaltatze lan hauek lehenbailehen egin nahi ditu udalak, baina horretarako, eguraldi bero eta lehorra behar da eta enpresaren disponibilitatea ere kontutan izan behar da. Lanak, Firmes Alaveses enpresak egingo ditu, honek aurkeztutako aurrekontua onartu baitu udalak. Lanek ia 17.000 euroko aurrekontua dute.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!