Fernando de Vicentek eta Julen Isastik irabazi dute Ageriko XXII. margo lehiaketa
25 lagunek parte hartu zuten aire libreko 22. margo lehiaketan, atzo goizean; 19, 16 urtetik gorakoen kategorian, eta 6, gazteen kategorian. Sari nagusia Fernando de Vicentek eskuratu zuen, Patrue kalean margotutako lanarekin. 800 euro eskuratu zituen. Bigarrena (600 €), Ibon Aranburuk eraman zuen, hainbat auto eta karabana irudikatzen dituen margolanarekin. Hirugarren (400 €), berriz, Miguel Sanz geratu zen, eta honek parrokiako kanpandorrea margotu zuen, Bakardadeko Ama kaletik begiratuta. Lur Gelasaga izan zen, bestalde, oñatiar onenaren saria eskuratu zuena, 300 euro, eta honek jai elementuz propio apainduta iratzarri zen San Antongo iturria islatu zuen.
Gaztetxoen kategorian, lehena, Julen Isastiren lana izan zen, bigarrena, Bitor Gonzalezena eta hirugarrena Antia Murgiondorena. Hauek margotzen jarraitzeko opariez gain, 100, 60 eta 30 euroko saria jaso zuten, hurrenez hurren.
Saritutako lanak eta lehiaketara aurkeztutako guztiak Kultur Etxean ikusgai jarriko dira. Erakusketa urriaren 1etik 10era irekiko da, astelehenetik ostiralera 18:00etatik 20:00etara eta larunbatean, 10:00etatik 13:00era. Dena den, urriaren 3tik 5era aretoa ez da irekiko.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!