Oñatiko udala

Hasi da gripearen kontrako txertaketa kanpaina berria

2026/09/28
Card image cap
Egoitzetako adinekoak eta 5 urtera arteko haurrak txertatuko dira lehenik

  San Martin egoitzan txertoak jaso dituzten jada eta egoiliarrei eta familiei informazioa eman eta txertoa hartu nahi duten galdetuko zaie astean. Gripearen kontrakoa ez ezik, Covid-aren aurkakoa ere jarri nahi ote duten galdetuko da. Eskaera egiten duten egoiliarrak San Martin egoitzan bertan txertatuko dituzte datozen egunotan.

  Anbulatorioan ere hasi dira gripearen aurkako lehen txertoak jartzen baina gaztetxoenei, kasu honetan, 6 hilabete eta 5 urte bitarteko haurrei. Osakidetzak sistematikoki jartzen die txertoa haurrek ere konplikazioak izan ditzaketelako gripearen ondorioz, eta gainera, birusa familia eta eskoa-ingurunean transmititzen lagundu dezaketelako. Seme-alabak babestera animatu ditu familiak Osasun sailburuak. Eta aurtengo kanpaina lehentasun argi batekin abiatu dela azpimarratu du: biztanlerik kaltebeherenak ahalik eta lasterren babestea eta txertatzea erraztea.

  60 urtetik gorakoek, gaixo kronikoek, haurdun daudenek edo hezkuntza, zaintza eta osasun arloetan diharduten profesionalek gripearen txertoa hartzeko hitzordua eskatu behar dute anbulatoriora telefonoz deituta edo Osakidetzaren web atarian sartuta. Gaur bertan hasi dira txandak ematen urriaren 5etik aurrera txertatzeko. Orduan hasiko baita ohiko arrisku taldekoentzat kanpaina. Eta kontutan hartu beharreko hurrengo data urriaren 19a da, hortik aurrera, berriz, nahi duen orok izango du gripearen aurkako txertoa jartzeko aukera. Alde horretatik erraztasunak emango direla ere adierazi da Osakidetzatik; Txertoguneak irekiko dira, urriaren 19tik azaroaren 1era, txertoa hartzeko, aurretik ordua eskatu edo norbere osasun zentrora joan beharrik izan gabe.

  Aste osoan zehar, astelehenetik igandera eta goizeko 8:00etatik arratsaldeko 20:00etara zabalduko duten hiru txertogune egokituko dira Gasteizen, Bilbon eta Donostian. Baina Arrasateko osasun zentroan ere halako gune berezia irekiko da, astelehenetik ostiralera eta arratsaldeko 15:00etatik 20:00.

  Herritarrei ahalik eta erraztasun gehien ematea helburu dutela adierazi du Osasun sailburuak, gogoratuz, gripea ez dela garrantzi txikiko gaixotasuna eta neguoro milaka kontsulta eragiteaz gain, asistentzia-presioa handitzen duela. Erraztasun gehiago eman eta eskuragarritasuna handituz, babesa handiagotzea helburu dutela azpimarratu du Alberto Martinez sailburuak.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!