Oñatiko udala

Urtebeteko etenaren ondoren auzoetako traste zaharren bilketa zerbitzua berriro martxan jarri da.

2012/09/04
Bilketak hileko bigarren ostegunetan egingo dira baina aurrez abisua udaletxean eman behar da.

  2003an ekin zion udalak auzoetako traste zaharrak biltzeari. Ordurako eta herri gunean mankomunitateak eskaintzen zuen zerbitzua udalak bere aldetik auzoetara zabalduz. Udal brigadako langileak arduratzen ziren hileko bigarren ostegunero auzotarrek ateratako traste zaharrak batzeaz. Baina iazko abuztuan hartarako erabiltzen zen kamioia matxuratu zen eta zerbitzua eten beharra izan zen. Azken hilabete horretan jasotako abisuak beste kamioi bat alokatuz bete ziren baina geroztik zerbitzua etenik egon da.

  Orain hilabete gutxi udalak kamioi berria erosi duenez, auzotarrei eskaintzen zitzaien zerbitzua berriro martxan jartzea erabaki da. Datorren astean bertan, irailaren 13a izango da auzoetako traste zaharrak batzeko lehen eguna. Eta aurrerantzean, lehen egiten zenaren antzera, zerbitzua, hileko bigarren ostegunero beteko da.
Funtzionamendua lehengo berbera izango da. Interesa duten baserritar eta auzotarrek udaletxera deitu beharko dute helbidea eta telefono zenbakia utziz. Ondoren, zerbitzu burua beraiekin harremanetan jarriko da zenbat traste zahar eta nora aterako dituzten zehaztu eta egun bakoitzeko bilketa programatzeko.

  Herri gunean, mankomunitateko langileek ostegunero egiten duten bezala, auzoetan udal langileak izango dira aurrerantzean ere, hileko bigarren eguenetan traste zaharren bilketaz arduratuko direnak, hileko bigarren eguenetan baldin eta jai eguna ez bada. Hala denean, zerbitzu buruak abisua eman duten auzotarrei bilketa zein egunetan egingo den jakinaraziko die.

  Udako opor aurreko azken tokiko gobernu batzarrean hartu zen erabaki honen berri auzo alkate guztiei jakinaraziko zaie.

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!