Urtarrilaren 1ean indarrean sartuko diren udal ordenantza fiskalak argitaratu dira

2019/12/12
Udal zerga eta tasak % 0,67 garestituko dira, orokorrean

  Urrian behin behinekoz eta azaroko Osoko Bilkuran behin betikoz onartu ondoren, gaur argitaratu dira Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean 2020ko udal ordenantza fiskalak. Urtarrilaren 1ean indarrean sartuko diren udal zerga eta tasa guztiak, xehetasunez, atalez atal argitaratu dira.

  KPIaren arabera, % 0,67ko igoera orokorra aplikatuko da udal zerga eta tasetan 2020an. Baina izango da azpimarratzeko berritasunik. Hala, %50erainoko hobaria jaso ahal izango dute Hiri Ondasunen gaineko Zergan, autokontsumorako eguzki-indarra baliatzeko sistema duten etxebizitzek. Hobaria % 25ekoa izango da, erresidentzia-erabilera ez duten eraikinen kasuan.

  Bestalde, Eraikuntza, Instalazio eta Obren gaineko Zergari dagokionez, babes ofizialeko etxebizitzek % 50eko hobaria eskuratu ahal izango dute, eskatzaileen diru sarrerak 24.000 euro azpitik daudenean. Hobari honen iraupena hiru urtekoa izango da, lehen erabilpen baimena eman den hurrengo egunetik zenbatzen hasita. EOIZ zergarekin jarraituz, % 95erainoko hobaria eskuratu ahal izango dute autokontsumorako eguzki plakak instalatzeko obrak egiten dituztenek.

  Urtarrilaren 1ean indarrean sartuko diren 2020ko udal ordenantza fiskalak EH Bilduren aldeko botoz eta EAJren abstentzioaz onartu ziren. Egindako zazpi proposamenak ez onartu izana argudiatu zuten jeltzaleek.abstentzio hori azaltzerakoan.

Iturria: Oñati Irratia

2020ko udal ordenantza fiskalak onartu ziren Osoko Bilkura