Urtarrila amaierako euriteek auzo bideetan sortutako kalteak konpontzeko Aldundiari laguntza eskatzea, edota, Arantzazuko Parketxea eta aterpetxearen zerbitzuak uztartzeko proposamena aztergai izango dira gaurko Tokiko Gobernu Batzarrean.

2015/02/12

  Urtarrilaren 30etik otsailaren lehenera, euria erruz bota zuen eta Oñatin 162 litro metro karratuko pilatu ziren. Horietatik kasik 100 litro ostiralean bildu ziren. Ondorioz, hainbat lurjausi gertatu ziren. Aipagarria da, Zubillaga eta San Prudentzio artean errepidea hainbat orduz itxita izatea eragin zuen lurjausi handia edo Murgialdai baserrirako bidean gertatutakoa. Baina beste batzuk ere gertatu ziren: Errekalde baserritik Lizargaraterako bidean, Baltzola baserrakoan, Askazurirako bidean, Urrexola Beiti eta Barrenetxe bidegurutzean, Errotatxon, Garagaltzan edota San Juliango bidean. Aldakiñoko oinezko sendan lur jausirik ez baina urak gainezka egin zuen. Guzti horren konponketak udalak hasiera batetan aurre ikusten ez zuen diru inbertsioa eskatuko du. Ez ohikoa eta zenbait kasutan kopuruz garrantzitsua. Horretxegatik, Gipuzkoako Foru Aldundiari laguntza eskatzea proposatuko da gaurko tokiko batzarrean.

   Foru Aldundiarengana eta Gipuzkoako Parketxeen Sarea Fundaziora joko da baita ere Arantzazuko parketxea eta aterpetxearen zerbitzuak uztartzeko proposamenarekin. Arantzazuko aterpetxea egokitzeko lanak aste honetan bertan egiten hasi dira. Udarako amaitzea espero da eta orduan, turistei, bisitariei zabalduko den zerbitzu berria izango da. Parketxea ere, publiko berberari zuzentzen zaionez, une honetan bi erakunde ezberdinen ardurapean dauden zerbitzuak bateratzea proposatuko du Udalak. Hori nola egiturako ordea, gobernu taldeak gaur arratsaldean egingo duen bileran aztertuko da.

  Kirol arloan, aipagarriak iruditu zaizkigun beste bi gai ere azalduko dira:   San Lorentzo kirol-gunearen futbol zelaiaren erabilera librerako proposamena batetik, eta Zubikoa Kiroldegian gimnasiorako monitore zerbitzua kontratatzea bestetik. Bi proposamen hauek, "Oñatiko udalerriaren kirol sistemaren azterketa eta diagnostikoa" aurkezteko egin zen bilera irekian egin ziren.

Iturria: Oñati irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!