Urologiako espezialistekin euskaraz aritzeko aukera izango da aurrerantzean Debagoienean

2015/03/03
Debagoienakoa Osakidetza osoan abian jartzen den lehenengo euskarazko arreta-zirkuitua da

  Horrek esan nahi du urologia zerbitzuaren beharra duen erabiltzaileak prozesuko ibilbide osoa euskaraz egin dezakeela, ahozko jardunari dagokionez. Hala, familiako medikuak nahiz espezialistak eskainitako arreta euskaraz izateko aukera dago Debagoienean.

  Aipagarria da ekimena, urologia espezialitateko profesional talde batena izan dela.  Profesional horiek euskaraz edonoiz jardun dezakete baina astean egun batean, ostegunetan, zerbitzua euskaraz eskainiko dela bermatzen da, bai goiz nahiz arratsaldeko kontsultetan.

  Urologia zerbitzuan aurrez aurreko kontsultak euskaraz ere eskainiko dira martxoan hasita. Proiektu honetan oinarrizkoa da zenbait profesionalen laguntza pazienteak euskarazko arreta jaso nahi duela identifikatzeko baina oinarrizkoa da baita ere pazienteak berak hala adieraztea.

  Debagoienean abiatzen den egitasmo hau aitzindaria da Osakidetza osoan. Etorkizunean, helburua, eskaintza beste espezialitate batzuetara zabaltzea da. Ekimena arrakastatsua izan dadin, guztion laguntza beharko dela jakinarazi da Debagoienako ESItik.

 

Iturria: Oñati Irratia