Urko Arregik Osinalde bertso sariketako finalean parte hartuko du

2021/03/22
Card image cap
(Arg: Ane Garmendia)
Azken orduko gonbidapena jaso eta finalerako txartela eskuratu zuen ostiralean Legazpin

  Bitxia izan da Urko Arregik sariketan egin duen bidea. Berez ez zegoen parte hartzeko hautatua baina Garazi Navarro amorotoarraren ezin joan izanak eragin zuen azken orduan oñatiarra gonbidatzea. Eta hala joan zen Legazpiko Latxartegi aretoan jokatu zen Aztiria sariaren kanporaketara, ostiral arratsaldean. Arregirekin batera aritu ziren Danel Olano getariarra, Asier Alcedo portugaletetarra, Lurdes Ondaro munitibartarra, Aroa Arrizubieta gasteiztarra eta Aissa Intxausti lekeitiarra.

  Afal-osteko giroan jokatu ohi den kanporaketa eszenatokitik borobildu zuten sei bertsolari gazteek. Epai mahaia Asier Iridondo, Joxe Arizkorreta eta Ane Belokik osatu zuten eta Osinalde sarirako txartel bana eman zieten Aroa Arrizubieta eta Urko Arregiri. Arrizubietak gainera, entzuleen saria ere jaso zuen.

  Legazpin jokatu zen Aztiria sariaren ondoren beste bi kanporaketa egin dira Zaldibian eta Ordizian, zapatuan eta domekan; saio bakoitzean bina bertsolari sailkatu ziren larunbatean izango den Osinalde bertso sariketako finalera. Martxoaren 27an izango da Gabiriako Andre Mari elizan eta hauek dira Osinalde sariaren bila arituko diren sei bertsolariak: Urko Arregi, Aroa Arrizubieta, Ane Zuazubiskar, Xabat Ilarregi, Unai Izagirre eta Ibai Amillategi.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!