Urko Arregi eta Gartxot Ramirez bikoteak eskuratu du Txinparta Gazte Sariketaren finalerako lehen txartela

2018/01/29
Card image cap
Bigarren kanporaketa larunbatean jokatuko da Pako tabernan

  Lau bikote neurtu ziren zapatu arratsaldean Arranon, Txinparta Gazte Sariketari hasiera ematen. Bikoteko kide bakoitzak antzeko ariketak egin behar izan zituen neurri ezberdineko bertsoak kantatuz, amaieran, bien lanen puntuazioak batuta sailkapena osatu zen. Puntu gehien, Urko Arregi eta Gartxo Ramirezen bikoteak lortu zuen: 354.05 puntu. Bigarren bikotea, Aitor Tatiegi eta Bittor Altubek osatutakoak, 352.45 puntu lortu zituen. Hauek, bigarren kanporaketaren zain egon beharko dira finalerako txartela eskuratzen ote duten jakiteko, izan ere, kanporaketa bakoitzeko irabazleek eta puntu gehien lortzen duen hirugarren bikoteak kantatuko baitu finalekoan.

  Finala, otsailaren 16an jokatuko da Gaztetxean, baina aurrez, bigarren kanporaketa zapatu arratsaldean izango da, Pako tabernan. Bigarren kanporaketan lau bikote arituko dira nor baino nor: Bittor Zubiagirre eta Andoni Mujika, Xabi Agirre eta Ane Peñagarikano, Garazi Navarro eta Oihana Arana eta Ane Beloki eta Iraitz Sarasola. Zapatuko Arranoko saioan, ia aipatutako Arregi-Ramirez eta Tatiegi-Altube bikoteekin batera, Aritzi Irigoien eta Haizea Arana eta Gontzal Belategi eta Asier Ibarguren aritu ziren. 

  Txinparta Gazte Sariketak helburu bikoitza du: bertsolari gazteei jendaurrean aritzeko plaza berri bat eskaintzea eta bertsozaleei datozen bertsolari gazteak ezagutzeko aukera ematea.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!