Urgain-Errekalde ikastetxean greba egingo dute bihar

2017/11/29
Card image cap
Zuazola-Larraña institutuan lan uztea ez da orokorra izango eta eskolak, irakaslearen arabera emango dira edo ez

  Urgain-Errekalde eskolako irakasleen % 97ak greba egingo du bihar. Ondorioz, klaseak ez dira normaltasunez emango. Hezkuntza Sailak agintzen dituen gutxieneko zerbitzuak beteko dira baina irakasleen gehiengo zabala ez da eskolara joango.

  Hezkuntza publikoan sektoreka egiten ari diren lan-uzteak irakasleei zuzenduta deitu dira bihar.  Urgain-Errekalden greba egingo da, ia irakasle guztiek hala erabaki dutelako, Zuazola-Larraña institutuan berriz, lan uztea ez da orokorra izango, hainbat irakaslek greba egingo dute eta beste batzuk lan. Klaseak ondorioz, irakaslearen arabera emango dira edo ez. Ikastetxe bakoitzean erabaki dutena ohar bidez jakinarazi zaie ikasleen gurasoei. Greba deialdia irakasleei begira egin denez, hauen lan uzteak ez dio eragingo Errekaldeko jangela zerbitzuari eta hala adierazi zaie gurasoei, baina zehaztuz, bihar eskolak ez direla normaltasunez emango. Urgain-Errekalde ikastetxeak 376 ikasle ditu.

  ELA, LAB eta Steilas sindikatuek deitutako greba honen bidez hezkuntza publikoaren egoera salatu nahi da. Inbertsioa handitu, irakasleen ordezkapenak lehen egunetik betetzea, bajen ordainketa osorik egitea, egun % 40a den behin-behinekotasuna murriztu eta langile plantillak egonkortzea, erretirorako eskubideak berreskuratzea eta gela bakoitzeko ikasle ratioak txikitzea eskatzen da, besteak beste.  Era berean LOMCEak ekarritako aldaketak ez aplikatu eta euskal hezkuntza eredua indartzea eskatzen dute sindikatu eta irakasleek.

  Unibertsitatez kanpoko euskal hezkuntza publikoan sektoreka deitu diren lan uzteen azkena izango da biharkoa, abenduaren 12rako sektore guztien mobilizazio bateratua iragarri baita.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!