Uraren ziklo integralaren integrazio planerako diru laguntzak 2018 amaierara arte mantenduko dira

2016/01/11
Ur Kontsortzioak emandako prima agortuta Udalaren kontura izango dira aurrerantzean

  2009an hasi ziren uraren ziklo integralaren integrazio planerako diru laguntza hauek ematen; Udalak, herriko uraren ziklo integralaren kudeaketa Gipuzkoako Ur Kontsortzioaren esku utzi zuenean. Bi aldeek sinatu zuten kudeaketa lagatze hitzarmenaren arabera, Oñatiko saneamendu azpiegituraren egoera ona sarituz edo, Ur Kontsortzioak  202.000 euroko prima moduko bat ordainduko zionUdalari. Baina dirua Udalak gorde ordez, kudeaketa sistemaren aldaketak bereziki kaltetuko zituen herritarrei, bezeroei, hobari gisa bideratzea erabaki zuen. Hala, Ur Kontsortzioaren tarifak aplikatzearen ondorioz, ur faktura bereziki garestitu zitzaien herritarrei, hobaria aplikatu zaie azken sei urteotan. 1356 bezero hasi ziren aipatu hobaria jasotzen.

  Baina 202.000 euroak agortuta, hobariekin jarraitu ala ez erabaki behar zen. Gaia, azken Osoko Bilkuran eztabaidatu zen. Udalak eta Ur Kontsortzioak sinatu zuten kudeaketa lagatze hitzarmenak 10 urteko indarraldia du, 2018ko abenduaren 31an amaituko da. Udalbatzak, uraren ziklo integralaren integrazio planerako diru laguntzei eustea erabaki du. Hitzarmena amaitu bitarteko hiru urteetan, 2016, 2017 eta 2018an, Udalak bere gain hartuko du aipatu hobaria ordaintzeko kostua. Orain arte beraz, hobaria zuten herritarrek ez dute aldaketarik sumatuko eta  ur fakturetan azken urteetan egin zaien murrizketa bere horretan mantentzen dela ikusiko dute.

  2008ko urrian aho batez erabaki zuen Udalbatzak uraren ziklo integralaren kudeaketa Gipuzkoako Ur Kontsortzioaren esku uztea. 10 urterako hitzarmena, 2009ko urtarrilean sartu zen indarrean eta 2018ko urte akaberan beteko da. Aurretik, jada, 1997tik, Oñatiko uraren bajako zerbitzua Gipuzkoako Ur Zerbitzuaren esku zegoen baina horrela, altako ur zerbitzua ere, Kontsortzioaren esku utzi zen. Hitzarmen honen babesean besteak beste, Ur Kontsortzioak Oñatiko ur eta saneamendu azpiegiturak hobetzeko 3 milioi euro pasa inbertitzeko konpromisoa hartu zuen, inbertsio horien erritmo eta lehentasunak Udalarekin negoziatuz.

Iturria: Oñati Irratia