Ur Jauziak enpresaren bideragarritasun plana egitea proposatuko da gaurko Tokiko Gobernu Batzarrean

2016/05/19
Card image cap
Lan zerrendan 31 gai jaso dira

  Oñatiko Ur Jauziak S.A enpresak, herrian kontsumitzen den argindarra ekoitzi edo produzitzen du. Udalak, 1989an erosi zizkion Union Cerrejerari Ur Jauziak-en zutabe diren argindar etxeak eta berrikuntza lanak egin ondoren, herriko hainbat etxe hornitzeko argindarra sortzen hasi ziren. 2007an, argindar etxeak erosi eta funtzionamenduan jartzeko eskatu zen 850 milioi pezetako mailegua guztiz kitatu zuen Udalak eta enpresaren ur hoditeria berritzeko inbertsio plana jarri zuen martxan. Bitartean, argindar merkatuaren liberalizazioa etorri zen eta etorkizunera begira, nondik jo zehazteko, bideragarritasun plana egitea egokia litzatekeela pentsatu da Ogasuna Batzorden. Horixe da hain zuzen ere, Udal Gobernu Taldeari proposatuko zaiona, alegia, Ur Jauziak enpresaren bideragarritasuna zehazteko plana egitea.

  Ongizate zerbitzutik, herriko gaixo eta elbarrituen eguna ospatzearen gaia azalduko da. Domeka honetan, herriko gaixo eta elbarriek urteroko bazkaria egingo dute Pago Uso elkartean. Gaixo eta laguntzaileen artean, 60ren bat lagun biltzea espero da. Pake Leku elkarteak antolatuta egingo den Jubilatuen astearen berri ere emango zaie Gobernu Taldeko kideei. Ekainaren 13tik 19ra ospatuko da eta hitzaldi, ibilaldi, musika emanaldi eta bestelako kultur ekitaldiez gain, jubilatuen omenaldi eta bazkaria izango da. Egitarauaren xehetasunak eta Udalak ematen duen bidaia-opariaren ingurukoak azalduko dira gaurko Tokiko Batzarrean.

  Gizon eta emakumeen arteko aukera berdintasunaren eremuan lan egiten duten elkarteei emandako diru laguntzen likidazioa, etxeetan egin asmo diren hainbat lanetarako udal baimen eskaerak edota udaletxeko balkoiak margotzeko aurrekontuaren berri emango da, besteak beste, arratsaldeko bileran. Lan zerrendan, 31 gai jaso dira.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!