Ugarte enpresak egingo ditu San Lorentzoko 9. areari dagozkion irisgarritasun lanak

2018/03/22
Aste honetan sinatuko da enpresa eta udalaren arteko kontratua

  3 enpresa aurkeztu ziren lizitazio prozedura negoziatura eta eskaintza ekonomiko merkeena egin zuen Ugarte enpresari esleitu zaizkio San Lorentzoko 9. areari dagozkion irisgarritasun lanak. Udalak zehaztu zuen aurrekontua ia 11.500 eurotan merkatu du enpresa oñatiarrak eta lanak 187.865,30 €tan egingo ditu, BEZ kanpo.

   San Lorentzoko 9. area deritzonak auzoko igogailutik Errekalderako tunel bitarteko eremua hartzen du, San Lorentzo, 15-16-17-18 eta 25-26-27-28 zenbakidun eraikinek mugatzen duten eremua. Inguru horretan espaloiak zabaldu, zorua berritu, behar den tokietan eskudelak ipini, eta ikusmen arazoak dituzten pertsonen orientazioa errazteko baldosa bereziak jarriko dira, besteak beste. San Lorentzoko 9. area irisgarritasun neurrietara egokitzeko lanak bost hilabeteko epean egin beharko dira.

  Kontratazio mahaiak egindako proposamena jarraituz, irisgarritasun lan hauek Ugarte enpresari esleitzea erabaki zen orain hilabete inguru. Baina behin betiko esleipen egin aurretik hainbat dokumentu aurkeztea eta 9400 euroko behin betiko bermea ordaintzea  eskatu zitzaion enpresari. Baldintzak beteta esleipen kontratua osatu da. Aste honetan bertan sinatzea espero da. Lanak, datozen asteetan hasiko dira.

Iturria: Oñati Irratia