Ugarkalde eta Olabarrieta arteko bidegorria egiteko lanen lizitazio prozesua abian da

2015/04/13
Card image cap
Interesa duten enpresek maiatzaren 5a arteko epea dute proposamenak aurkezteko

  Lanen esleipen prozesuan enpresen eskaintza ekonomikoak bereziki baloratuko dira, finkatu den irizpide nagusia  baita. Gehienera lortu ahal izango diren 95 puntutik 80, eskaintza ekonomiko merkeenak jasoko ditu. Proposatutako hobekuntzak eta egikaritze epea murriztea ere kontutan hartuko dira.

  Pasa den astean argitaratu zen kontrataziorako iragarkiaren arabera, Ugarkalde eta Olabarrieta arteko bidegorria eratzeko lanen lizitaziorako gehienezko aurrekontua, ia 515.000 € gehi BEZa da eta bost hilabeteko epean egin beharko dira.

  800 bat metroko luzera izango du Ugarkaldetik Olabarrieta auzoaren sarreraraino egokituko den bizikleta eta oinezkoentzako bideak. GI-2630 errepide nagusiaren ertzean  eraikiko da. Bidegorriak hiru metroko zabalera izango du eta errepidetik babesteko hesiak jarriko dira. Argiteria ere egokituko da. Lanen ezaugarrien inguruko xehetasunak, planoak eta abar, udaleko web atarian ikusi daitezke: www.oñati.eus atarian.

  Lanen esleipenean parte hartu nahi duten enpresek maiatzaren 5a arteko epea dute proposamenak udal bulegoetan aurkezteko.

  Lanak egiteko esleipen prozesu honekin batera ukituko diren lurrak eskuratzeko derrigorrezko desjabetze prozesuak ere aurrera darrai. Bidea eraiki ahal izateko hainbat lursail pribatu okupatuko dira.

  Pasa den abenduko Osoko Bilkuran onartu zen proiektuaren arabera ukituko diren lur sailek 2.919 metro karratu batzen dituzte guztira. Era batera edo bestera afektatuko diren lursailak 30 dira. Horietatik 17 lursail desjabetzea aurre ikusten dira, ia 1.500 metro karratu hartuz. Aldi baterako okupazio figura berriz, beste 13 lursaili aplikatzea aurre ikusten da 1.434 metro karratu ukituz.

 

Iturria: Oñati Irratia


 

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!