UEMAren berripapera etxeetara banatzen ari dira

2016/05/19
Card image cap
Udal Euskaldunen Mankomunitatearen 25 urteko ibilbidea errepasatzen da

  Oñatiko Udala UEMAko kide 2013an bihurtu bazen ere, Udal Euskaldunen Mankomunitatea, 1991ko maiatzaren 5ean sortu zen. Eratze batzarra Aizarnazabalen egin zen, 17 udalen eskutik.Gaur egun 73 udalerrik osatzen dute. Hego Euskal Herriko lau herrialdeetako udalak biltzen dituen mankomunitate bakarra da.

  Mankomunitateak, herritarrek arlo guztietan euskaraz bizitzea posible izateko lan egiten du. Euskara nagusi den lurgunea erabat euskalduntzeaz gain, lurgune euskalduna zabaltzea bultzatu nahi du UEMAk. Era berean, udalerri euskaldunen garapen sozio-ekonomiko eta soziokulturala bultzatzea da Mankomunitatearen hirugarren helburu nagusia.

  Dagoeneko etxeetara banatzen ari diren Berripaperaren 43. zenbakian UEMAren 25 urteko ibilbidearen errepasoa egiten da. UEMAren sorrerako garaiak eta gaur eguneko ildoak eta etorkizuna jorratzen dira bi orriko erreportajean.
Horrez gain, beste gai batzuen inguruko informazioa ere jaso da: maiatzaren 28an Leitzan ospatuko den udalerri euskaldunen eguna; euskara eta EAEko Udal Lege berria; UEMAn sartzeko Ziortza-Bolibar eta Legorretako udalek egin dituzten eskaerak eta errenta aitorpena euskaraz egiteko kanpainaren berria.

  UEMAk, urtean bi berripaper argitaratzen ditu eta Mankomunitateko partaide diren herrietan banatzen da. Gurean orain, etxez etxe uzten ari den hauxe, urteko lehena da, bigarrena, neguan banatuko da.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!