Udaletxeko sarrerako eskailera-lauzak eta arkuak margotzeko lanak hasi dira.

2013/01/29
Aste honetan bertan hasi eta amaituko dira. Ingurua txukuntzen bukatzeko, kupula margotzea soilik faltako da.

  Iraila inguruan hasi ziren udaletxeko sarrera nagusia margotzeko lanak. Lehen fasean, sarrera bera eta eskailera nagusiak margotu ziren. Aste honetan berriz sarrerako eskailera-lauzak eta arkua margotuko dira. Lanak guztiz osatzeko kupula margotzea bakarrik faltako da baina horretarako zailtasunak daude, kupularaino iritsi ahal izateko andamioiak jartzea ez baita xamurra.

  Pinturas Aranburu enpresa ari da udaletxeko sarrerako eskailera lauzak eta arkuak margotzen. Udalak onartu duen aurrekontua berriz, 706 euro gehi BEZa da.

  Udaletxeko bulegoetarako sarrera pasa den abuztuan aldatu zen. Ordura arte erabili zen atzealdeko atea, alhondiga aldeko atea itxi zen eta plazatik zuen sarrera nagusia berreskuratu zen. Irisgarritasuna hobetze aldera herritarrei harrera egiteko zonaldea pitin bat egokitu zen eta aldi berean, sarrera atontzeko lanak hasi ziren. Urteetan margotu gabe zeuden paretak margotzen hasi ziren. Sarrera bera eta eskailera nagusiak margotu ziren eta gaur berriz, eskailera lauzak eta arkuak margotzeko andamioiak jarri dira. Ostiralerako jada, margotze lanak amaitu eta andamioiak ere kenduta izatea espero da.

Iturria: Oñati irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!