Udaletxeko fatxadatik "Euskal presoak Euskal Herrira" dioen pankarta kentzea agindu dute

2017/02/24
Hori agindu zuen sententziaren kontrako udalaren helegitea bertan behera utzi du Donostiako 1.epaitegiak

  Gaiak hari luzea du. Gobernu ordezkariak  2015ean jo zuen Oñatiko udalaren kontra udaletxeko fatxadan Euskal presoak Euskal Herrira zioan pankarta jarrita zegoelako. 2015eko uztailaren 9ko dataz Donostiako Administrazioarekiko Auzien 1 zenbakiko Epaitegian aztertu zen eta hamar egun beranduago, udalaren aurkako sententzia eman zen. Sententziak laburbilduz zioen, pankarta udaletxeko fatxada nagusian jartzean korporazioak bertan eskatzen zenarekin bat egiten zuela. Eta horrek, udalak izan beharko lukeen neutraltasun politikoa urratzen zuela. Ondorioz, Konstituzioaren 103. artikuluaren kontra egiten zela, honek baitio udalek, interes orokorraren alde objetibotasunez jokatu behar dutela. Amaitzeko, aipatu pankarta kentzera eta gehienez 300 euroko kostak ordaintzera behartzen zen udala.

  Sententziaren aurkako helegitea jartzea erabaki zen Tokiko Gobernu Batzarrean, baina epaitegiak bertan behera utzi zuen, besteak beste argudiatuz, gauza bat dela kasu honetan zinegotziek izango luketen adierazpen askatasuna eta beste bat, adierazpen-askatasun hori gauzatzeko administrazio baten eraikina edo honen baliabideak erabiltzea.

  Udalaren helegitea onartu ez denez hasierako sententziak agindutakoak indarrean jarraitzen du. Hau da, Euskal presoak Euskal Herrira dioen pankarta udaletxeko fatxadatik kentzeko aginduak indarrean jarraitzen du.  Hala adierazi zen atzoko Osoko Bilkuran.  Era berean, sententzia betearaztearen ardura alkatearena izango dela ere argitu zen.

Iturria: Oñati Irratia