Udalerrien iraunkortasunerako esperientziak Oñatin UDALBIZI jardunaldian

2018/04/27
Card image cap
Udal hautetsiei zuzendutako jardunaldia maiatzaren 4an izango da

  Gaindegiaren babespean sortu zen UDALBIZI egitasmoaren baitan antolatu da Euskal udalerrien iraunkortasuna, XXI. mendeko bidea marrazten jardunaldia. Udalbizi egitasmoak komunitate lokalei iraunkortasuna emango dien estrategiaren gakoak zehaztea du helburu. Bide horretan, iraunkortasunaren kontzeptuari oinarri sendoak jartzeaz gain, tokiko beharretarako paradigma propioa garatzen ahalegintzen da. Maiatzaren 4an kultur etxean egingo den jardunaldia hainbat udaletako esperientziak ezagutu eta elkar trukatzeko topagune izango da.

  Jardunaldian hiru gai arlo nagusiren bueltan arituko dira: metabolismo demografikoa, jarduera ekonomikoa eta enplegua eta mugikortasuna eta zerbitzuen eskuragarritasuna. 9:00tan, lehen aurkezpena eginda eta Figuereseko ekoauzoaren esperientzia azalduko da eta metabolismo demografikoari buruz ponentziak presentatuko dira: Errenteriako gazteen etxebizitza komunitarioak, adinekoen zaintza komunitariorako esperientziak edota Lasarte Oriako etorri berrien protokolo eta aniztasun plana azalduko dira. Jarduera ekonomiko eta enplegua atalean, tokiko ekintzailetza eta tokiko ekonomia sarearen dinamizazioaz arituko dira. Eta bazkalostean berriz, mugikortasuna eta zerbitzuen eskuragarritasuna aztertuko da eta bertan Oñatiko udalak ponentzia aurkeztuko du, Oñati erdialdeko mugikortasun egiteasmoaz. Miarritz-Angelu-Baionako TRAMBUS proiektua eta Iruñerriko mankomunitatearen mugikortasun iraunkorraren plana ere azalduko da.

  Udal hautetsiei zuzendutako jardunaldi honetan parte hartzeko izen-ematea zabalik dago. Bilerak, kultur etxean egingo dira.  

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!