Udaleko Sozioekonomia departamentuak hiru formazio ikastaro antolatu ditu herriko langabetuei zuzenduta

2014/02/26
Card image cap
Ikastaroak Salmenta teknikak eta bezeroei arreta, “merchandaising eta jakien erabilera izango dira.

  Salmenta teknikak eta bezeroei arreta, eta “merchandaising” ikastaroak  merkataritza arloari dagozkio. 12 orduko ikastaroak izango dira eta lau egunetan, arratsaldeko ordu bietatik 5ak bitartean osatuko dira.

  Salmenta teknikak eta bezeroei arreta ikastaroa, martxoaren 24, 25, 31 eta apirilaren 2an emango da. Ikastaroaren helburua, partaideen salmentarako ahalmena hobetzea da beti ere, bezeroarekiko arreta eta honen satisfaziora zuzenduta. Hala, komunikazio egokia, enpatia, asertibitatea, kexak, erreklamazioak edota telefono arreta jorratuko dira besteak beste.

  Merchandaising ikastaroa berriz, maiatzaren 12, 14, 19 eta 21ean egingo da. Helburua, atentzioa eman eta bezeroa produktu jakin batzuetara bideratzea izango da, azken helburua, komertzioaren salmentak hobetu eta erraztea izango delarik. Horretarako merchandaising-en oinarrizko ideiak landuko dira baina baita, honen helburuak, salmenta sistemak, salmenta puntuen sei “egokien” araua edota erakusteko teknikak ere.

  Salmenta teknikak eta bezeroei arreta, eta “merchandaising” ikastaroetan plazak mugatuak dira eta gehienez, bakoitzean, 15 lagunek parte hartu ahal izango dute. Ikastaroak herriko langabetuei zuzenduta daudela kontutan hartuta doan izango dira.

  Eta doan izango da baita ere jakien erabilera edo “manipulacion de alimentos” izeneko ikastaroa. Hau, langabetuei ez ezik manipulatzaile agiria behar duten langileei ere zuzentzen zaielarik. Elikagaiak higiene segurtasunez eta kalitatez nola manipulatu behar diren landuko duen ikastaro hau lau ordukoa izango da eta jardun bakarrean  egingo da: martxoaren 20an, goizeko 9.30-13.30tara.

  20 lagunek egin ahal izango dute “jakien erabilera”izeneko ikastaroa eta esan bezala, herriko langabetuek lehentasuna izango duten arren, sektorean lan egiten dutenei ere lekua egingo zaie.

  Aipatu ditugun hiru formazio ikastaroetan izena emateko epea zabalik dago jada. Interesatuek, udaleko enplegu zerbitzutik pasata, Bidebarrieta kaleko 12an dagoen bulegotik pasata eman dezakete izena edo bertara telefonoz deituta ere bai: 943 03 77 00 zenbakira deituta.

Izena emateko epea, martxoaren 18an itxiko da.

  Herriko langabetuei zuzendutako formazio ikastaro hauek ELKOLAB enpresak emango ditu eta Zubillagan, Olaburu zentroan egingo dira.   

Iturria: Oñati irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!