Udaleko legealdiaren lehenengo urtearen balorazioa egin du Oñatiko EAJ-PNVk

2020/07/22
Pandemiaren krisiari aurre egiteko elkarlana ezinbestekotzat ikusten du talde jeltzaleak

  Iazko maiatzaren 26an izan ziren Udal hauteskundeak, orain urte bete. Orduz geroztik gertatutako guztiaren balantzea egin zuen atzo Oñatiko EAJ-PNVk. Urte bete honetan bi garai oso ezberdin nabarmendu direla adierazi zuen Ainhoa Galdos jeltzaleak: COVID19aren aurrekoa eta ondorengoa. Hala ere, talde jeltzalearen buruak zenbait jarrerek berdin jarraitzen dutela azpimarratu zuen.

  EAJ udal taldeak aurreko legealdietan izan duen jarrera eraikitzailearekin jarraitu duela adierazi zuen Galdosek, beraien eta herritarren ekarpen guztiak aintzat hartuz. Ekarpen horien baitan, klima aldaketa, lehen sektorearen garrantzia eta benetako gizarte berdin zale baten beharra nabarmendu nahi izan zuten. Hala ere, azaldu zutenez, jeltzaleek egindako ekarpenen aurrean udal-gobernuak izandako jarrera ezin dute positibotzat hartu.

  Ainhoa Galdosen ustez, oposizioan egonda ere, orain arte egindako kritikak beti arrazoitu dira eta saiatu dira alternatibak eskaintzen.

  2019ko aurrekontuen betetze-maila nahiko baxua izan dela adierazi zuten jeltzaleek, aurrekontuetan sartu ziren 14 milioi eta erdi inguruko inbertsioetatik 4 milioi eta erdi inguru baino ez zirela gauzatu azpimarratuz. Aurrekontuen betetze mailaz gain, jeltzaleek udalaren zorpetze maila eta egoera ekonomikoaren aurrean larritasuna adierazi zuten, behin eta berriz plan finantzario baten beharra adieraziz.

  Coronavirus pandemiaren krisiari aurre egiteko mahai bat sortzea eta elkarlanerako bideari heltzea proposatu zuten jeltzaleek, eta lan horretan murgilduta egon dira azken bi hilabete hauetan. Krisiari aurre egiteko lanketa ondo baloratu zuen EAJ udal taldeak. Dena den, Galdosek aitortu zuen, neurriak hartu ostean balorazio positibo hori aldatzen joan dela.

  Prentsaurrekoaren amaieran, Joxe Mari Agirreri elkartasun osoa adierazi nahi izan zuen EAJ udal-taldeak. 21. Mendean komunikabideetan bere iritzia emateagatik jasan behar izan duen egoera adierazpen askatasunaren urraketa larria dela argudiatuz. Horrelako jarrerak onartezinak direla azpimarratu ostean, ez direla kikilduko esanez amaitu zuen prentsaurrekoa Ainhoa Galdosek.

Iturria: Oñati Irratia