Udaleko kartografia erakusten duen mapa interaktibo berritua erabilgarri dago

2019/05/17
Card image cap
Udal webgunean argitaratu da herriko informazio geografikoa erakusten duen mapa interaktibo berria

  Mapa interaktibo berritu horretan udal GIS korporatiboko geruza desberdinak txertatu dira. Hala, kartografia informazio zabala kapa edo geruza tematiko ezberdinetan ordenatuta ikusi daiteke, modu erraz eta azkarrean. Indarrean diren Hirigintza Arauak eskuragarri jarri ziren iaz, arau subsidiarioak argitaratuz eta hirigintza eremu bakoitzaren fitxak kartografiara lotuz. Orain, informazio geografiko gehiago erantsi zaio geobisoreari;  2015ko udal mapa toponimikoan bildutakoak edota Herribusaren geltoki eta ibilbideak erantsi zaizkio, besteak beste. Gainera, udal toponimoen bilatzailearen funtzionalitatea ere erabilgarri jarri da.

  2016an hasi ziren udal GIS korporatiboa sortu eta garatzeko lanak. Ingurumena, landa, zerbitzuak eta hirigintza arloetako informazio espaziala batu eta datu base geografiko bakar batean antolatu da. Inplementazio honi esker, datu horiekin egunero egiten den lanaren kudeaketa hobetu da. Era berean, datu espazialak kudeatzeko berariazko aplikazioak sortu dira. Alde batetik, Oñatiko udal bideen mantenu lanak erregistratu eta kudeatzeko sistema sortu da eta bestetik, hondakinen bilketan herritarren intzidentziak hobeto kudeatzeko aplikazioa sortu da. Aplikazio horiek teknikari eta administrariek erabiltzen dituzte barneko lanak egin eta zerbitzuen kudeaketa hobetzeko. Herri guneko iturriak biltzen dituen mapa ere batu base honi esker sortu zen. Mapa horrekin apaindu ziren ikasleei banatu zitzaizkien kantinplorak.

  Udal GIS korporatiboa eraikitzeko lanak GISLAN enpresak egin ditu software librea erabiliz. Lizentzia gastuak saihestu eta datu guztiak udal zerbitzarietan gorde dira horrela. Etorkizunera begira, hirigintzako datu geografiko gehiago datu basean txertatu eta barne mailako bistaratzaile bat sortzea aurreikusten da.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!