Udaleko Euskara Zerbitzuak kudeatzen dituen diru laguntzen 2016ko deialdia argitaratu da

2016/03/09
Card image cap
Hiru laguntza lerro daude eta 10.875 € banatuko dira

  Ikasketetarako bi diru laguntza lerro ditu Udaleko Euskara Zerbitzuak: Euskara ikasteko eta aisialdiko begirale ikastaroa Oñatin egiteko.

  Euskaltegiko ikastaroetan %85eko aprobetxamendua egiaztatzen duten ikasleek, matrikularen erdia berreskuratzeko aukera dute. Gainera, hurrengo ikasturterako matrikulatzen badira edo aurreko kurtsoan jada euskara ikasten aritu baziren, beste % 25eko laguntza jasoko dute. Udalak iaz sartu zuen aldaketa honen helburua euskara ikasten jarraitzea saritzea da. Langabezian dauden ikasleek matrikula kostuaren % 100a jasotzen dute diru laguntza kontzeptuan.

Euskara ikasteko ditu laguntza, Oñatin erroldaturik daudenek eskatu dezakete, bai herrian bertan ikasteko nahiz barnetegietan aritzeko ere. Programa honetarako, 4000 €ko diru poltsa du Udalak.

  Iaz zabaldutako bideari jarraituz bestalde, Oñatin egiten diren aisialdiko begirale ikastaroetan dihardutenek Udalaren diru laguntza eskatu dezakete. Bete beharreko oinarrizko baldintzak hauek dira: Oñatin erroldatuta egon eta % 90eko asistentzia egiaztatzea. Kasu honetan, matrikularen % 75ari dagokion diru laguntza jasoko dute langabetu edo ikasleek eta % 50a gainontzekoek.

  Bai euskara ikasten nahiz aisialdi begirale ikastaroa egiten ari direnek ere, ikastaroa amaitu eta hilabeteko epea izango dute Udalaren diru laguntza eskatu ahal izateko.

  Udaleko Euskara Zerbitzuak duen hirugarren diru laguntza lerroa,  errotuluak, irudi korporatiboa eta web gunea euskaraz jartzen dituzten entitateei zuzendutakoa da. Errotulazioa eta web guneak euskaratzeko programarako, 2000 €ko partida dago aurten. Errotuluak, irudi korporatiboa edota web gunea euskaraz jartzen duten entitateek, urte akabera bitartean izango dute Udalaren diru laguntza eskatzeko aukera. Eskaera, Oñatin helbide fiskala duten pertsona fisiko edo juridikoek eta bere jarduera ekonomikoa Oñatin dauden lokaletan egiten dutenek ere aurkeztu dezakete. Kasu guztietan, eskaerak, udal bulegoetan egin behar dira.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!